Liburuarekin hasi zinenean, ezagutzen al zenuen Teodororen berri?
Xabier Lasa. Oso gutxi. Hasieran 200 bat orrialdeko saiakera egitea pentsatzen genuen, baina gaia ikertzen hasi nintzenean, tiraka eta tiraka, izugarrizko pertsonaia zela konturatu nintzen. Gerraren ondorioz, desterrura eta ahanzturara eramandako belaunaldi oso hartako kide zen. Gerra aurreko prentsan askotan ateratzen zen, gai ezberdinen inguruan gainera: pilota munduan, EAJren mitinak ematen, poxpolinekin batera… Ezkonduta zegoen eta zortzi seme-alaba zituen. Gerra aurretik aritu zen politikagintzan: bi haur eduki zituzten garai hartan. Exiliatu eta gero etorri ziren beste seiak.
Gaztetandik ekintzailea izan zen Teodoro Hernandorena…
X.L. Gaztetan, bere gogoaren kontra seminariora bidali zuten: Andoainera lehenengo eta Gasteizera gero. Lehenengo urte haietan karlista sentitzen zen apaiztegietan. Berak zioenez, Zizurkilgo apaizak amari kaskoa berotu zion seminariora bidaltzeko: Este chico tiene borlas esanez; balio zuela, etorkizun ona izango zuela, alegia. Urteak aurrera, apaiztegitik atera egin zen. Katolikoa izanagatik, apaiz bihurtuko balitz, bizitzeko gogoa edo askatasuna galduko lukeela esaten zuen. Eta berak libre izan nahi zuen. Asko gustatzen zitzaion bidaiatzea eta Andoainera eskolara joaten zenean, Karrika inguruan trenak pasatzen ikusten geratzen zen zenbait egunetan, treneko makinista zela imajinatuz. Gasteizko seminarioan erabaki zuen apaiztegia uztea. Erabakiaren ondorioz, arazoak izan zituen aitarekin eta lagun baten etxera joan zen bizitzera. Osabak laguntza eskaini eta eman zion diruarekin medikuntza ikasten hasi zen Zaragozan aurrena, Bilbon gero. Zaragozan euskalzaletu egin zen; han konturatu zen euskalduna zela, hizkuntza bat zuela, berea babestu behar zuela… Ikasketetako azken urteetan, abertzaletu egin zen Bilbon; kontzientzia politikoa hartu zuen.
Kontzientzia hartu eta etenik gabe, Euskal Herriaren alde lanean hasi zen…
X.L. Hemen arima deitzen zioten sentimendua bazegoela ikusten zuen. Alor guztietan Euskal Herria euskaldundu eta independente izateko bideak jorratu zituen. Pentsa, garai hartan pelikula eta guzti egin zuen: Euzkadi. Ia bi ordu irauten zuen. Gerra Zibilean zineak ere propaganda bezala asko balio zuela konturatu zen eta bere poltsikotik dirua jarrita osatu zuen filma, nahiz eta aurretik zinemara sekula joan ez. Ekitaldi politikoak filmatu zituen batetik; mitinak, ongietorriak…Folklorikoa ere bazen eta pilotariak, txistulariak, abesbatzak, poxpolinak…, grabatu zituen bestetik. Euskal Herriaren irudi abertzalea erakutsi nahi zuen kanpoan, Ameriketan batez ere. Arazoak izan zituen eta ezin izan zuen Ameriketara iritsi, baina arrakasta handia izan zuen pelikulak hemen. Berak egin bazuen ere, EAJren ondare bezala utzi zuen pelikula Donostiako egoitzan. Gerra Zibila etorri zenean desagertu egin zen. Baina badirudi Euskal filmotekak oraindik ez duela filma topatzeko esperantzarik galdu.
Politikagintzan bide bat baino gehiago urratu zuen, ezta?
X.L. Eusko Gaztediko lehendakaria izan zen. 1931 urtean, errepublikarekin batera hasi zen politikan sartzen. Gipuzkoako Buru Batzako lehendakaria ere izan zen jarraian, 31tik 36ra ilusioa eta esperantza ziren nagusi. Garaiko egunkarietan zenbatu dudanez, 140 mitin inguru eman zuen. Galeuskaren bultzatzaile ere izan zen Telesforo Monzonekin batera, nazionalismo moderatuek beren estatusa errebindikatzeko helburuarekin. Momenturik garrantzitsuena 1933 urtea izan zen: Santiagon hasi eta Euskaditik pasata, Bartzelonan bukatu zen biran parte hartu zuten eta nazio zapalduen aldeko deklarazioa egin zuten bukaeran.
Kirola ere ez zuen gutxi maite…
X.L.Ez dakit ESAITek jakingo duen zenbat lan egin zuen euskal kirol federazioaren alde. Gipuzkoako Buru Batzarreko lehendakaritza 1935 urtean utzi eta segidan, Espainiako federazioa pikutara bidali behar zela sartu zitzaion buruan. Pilotarekin hasi zen, Gipuzkoan batzokien arteko txapelketa antolatuz aurrena. Gero Euskal Herriko txapelketa antolatu zuen Donostian 1936an, izugarrizko harrera izan zuen. Pilotarekin hasi arren, gerra etorri zenean, atletismoarekin pentsatzen hasita zegoen dagoeneko. Errebotea ere bultzatu zuen eta errebotearen aldeko zabalkunde erakundeko sekretarioa izan zen. Errepublika garaian, Donostian Maitena plaza irekitzea lortu zuten eta baita partidak antolatzea ere. Errebotezale amorratua izateaz gainera, erreboteak iparraldeko eta hegoaldeko euskaldunak biltzen zituela uste zuen. Kanpotik sartzen ari ziren kirolen aurrean, futbolaren parean esaterako, pilota defendatu nahi zuen; gurea zelako. Aberria bultzatzeko, kirola, zinea, kantua…, ahal zen guztia bultzatu behar zela pentsatzen zuen.
Bertsolaritzaren bultzatzaile garrantzitsua izan zen, bereziki…
X.L.Finlandia eta independentzia lortu zuten beste hainbat herriren kasua ikusita, Euskal Herria independente izatea goi poesiak ahalbideratuko zuela uste zuen Hernandorenak. Ondorioz, poesia lehiaketak antolatu zituen eta inguruan ibili ziren Lizardi, Orixe, Lauaxeta, Loramendi… Poesia gutxi irakurtzen zenez, benetan euskal jendea mugituko zuena herri poesia, bertsolaritza, izango zela iritzita, bertsoa indartzen ahalegindu zen Aitzolekin batera. 1935 urtean antolatu zen lehendabiziko Bertsolari txapelketa, 1936 urtean bigarrena.
Gerra ondorenean ere jarraitu zuen langintza horretan, ezta?
X.L.Gerra eta gero politika utzi egin zuen; EAJrekin desenkanturen bat izan zuen eta izaeraz nahikoa anarkoa zenez, gauzak bere erara egitea gustatzen zitzaion. Iparraldera exiliatu zenean, ondo jakin zuen hango egoerara egokitzen eta bere ideien alde lanean jarraitu zuen han ere. Bertsolaritza, euskal sentimendua eta herri xehea mobiliza zitzakeen ekintza zela pentsatzen jarraitzen zuen eta egoera aldatu bitartean, iparraldeko bertsolaritza indartzeari ekin zion. Iparraldean bertsolaririk ez zegoela esaten zioten eta zeuden bakarrak taberna zuloetan elkartzen zirela barregarri izateko. Baina hegoaldean gerra aurretik egin zuten bezala, iparraldean ere bertsoa tabernatik kalera atera behar zuela iruditu zitzaion eta bide horretan, Lapurdi eta Zuberoa guztia zeharkatu zuen bertsolari bila. Erbi-zakurrak bezala ibili zela esaten zuen baina, 16-17 bertsolari biltzea lortu zuen, Mattin edo Xalbador tartean. Iparraldean antolatu zuen lehen bertso emanaldian bost ikusle bildu ziren: Joxe Antonio Agirre eta bere seme-alabak. Saioak antolatzeko dirua bere poltsikotik jartzen zuen eta hasierako saioetara jenderik joaten ez zenez, diru asko galdu zuen. Bertsoa plazara atera eta kategoriaz igotzea lan nekeza izan zen, baina lortu egin zuen. Txapelketa eta saioak antolatzeaz gain, gai-jartzaile ere ibiltzen zen, baina berak ez zuen kantatzen. Euskal Herriko mugetatik kanpora ere eraman zuen bertsolaritza, Parisera esaterako.
Artikuluak idazten ere ez zen atzera geratu…
X.L.Aktualitatea oso gertutik jarraitzen zuen eta artikulu asko eta asko idatzi zuen garaiko egunkari eta aldizkarietan. Lantzen zituen gaien artean errebotea, euskara, euskal kultura eta politika ziren nagusi. Zirikatzailea zen eta iritzi kritikoak argitaratzen zituen. Zazpiehun artikulu baino gehiago idatzi zuen. El Dia egunkariko kronista izan zen urte batzuetan eta gerra aurretik, erreboteko partiden kronikak egiten zituen; gaztelaniaz gehienak. Bestalde, euskal federazioaren alde artikulu asko idatzi zuen Irrintzi izengoitiarekin, euskaraz. Herria, Elkar edo Principe de Viana aldizkarietan ere asko idatzi zuen aberriaren eta bertsolaritzaren inguruan. Aurrerago Deian eta Diario Vascon hasi zen idazten. Batez ere Nafarroaz, euskaraz eta Nafarroako foruez.
Zer azpimarratuko zenuke Teodororengan?
X.L.Egun ez da herrigintza egiteko horrelako kastarik ikusten, gero eta gutxiago gainera. Politikagintza egiteko oso modu noblea, altruista eta agian idealista zuten belaunaldia ordezkatzen du. Jendea mugitzen zekien, ez zeukan batere lotsarik. Oso bizia zen izaeraz, ausarta, burura etorritakoak bota egiten zituen eta ezagun nahiz ezezagun zituen alorrak lantzen zituen aberriaren mesedetan. Aipatutako alor guztiez gain, euskal antzerkia ere bultzatu zuen eta baita euskal abesbatza ere. Bere bizitzako azken urteetan laxoa pilota modalitatea berreskuratu zuen Nafarroan. Egun hamasei talderen arteko txapelketa jokatzen da urtero. Bere inguruko batek esan zidanez, Teodorori ez zitzaion iruditu horrenbeste lan egin zuenik. Inguruan ere ez zen askorik estimatu bere lana eta ez zuen biografiarik idazteko beharrik sentitu.
Zer erakutsi dizu liburuak?
X.L.Etapa historiko bat erakutsi dit, batez ere iparraldeko egoera eta euskalzaletasunak izan duen eboluzioa.