Ernioaldea Udaltalde 21ek ikastaro bat antolatu du, gidatzeko garaian kontsumoa eta kutsadura murrizteko. Ikastaroa doan da, teoriko-praktikoa izango da, lau orduko iraupena izango du eta Anoetako udaletxean burutuko da. Bi egunetan egiteko aukera izango da: azaroaren 26an, astelehena, arratsaldez, edo abenduaren 15ean, larunbata, goizez. Helburua gure gidatzeko ohituretan aldaketatxo batzuk sartzea da, horiei esker ondorengo abantailak lortzeko:
- Erregaiaren kontsumoa gutxitzea (%15a arte)
- Kutsadura murriztea (%15a arte)
- Gidatzerakoan erosoagoa sentitzea
- Arriskuak gutxitzea errepidean
- Autoaren mantentze kostuetan aurreztea: frenoak, enbragea, abiadura kaxa…
Hau guztia lortzeko EEE/EVEk eskaintzen dituen ikastaro hauetan, saio praktiko bat egingo da hasieran beraiek ekarritako autoetan, nola gidatzen dugun ikusteko. Ondoren aholkuak jaso eta behar bezala ulertzeko azalpenak emango dituzte. Eta azkenik ikasitakoa praktikan jartzeko beste bueltatxo bat egingo da autoetan. Horrela, lehen eta bigarren ibilbidearen kontsumoak konparatu ahal izango dira, ikasitakoarekin zenbateko erregai kontsumo gutxitzea lortu dugun ikusteko.
Izena eman nahi dutenek 619 770 408 telefono zenbakira dei dezakete goizean 08:00etatik 14:00etara eta arratsaldean 16:30etik 20:00etara, azaroaren 19a baino lehen. Gida baimena beharrezkoa da.