Ekimen honetaz gehien baliatzen diren herritarren profila atera daiteke. 25-50 urte arteko gizonezkoak lirateke gehien parte hartzen dutenak. Asko, ordura arte izan duten jarduera aldatu nahi dutenak. Elektrizitate-Elektronika, Mekanika eta Arte Grafikoek bere barne hartzen dituzten lanbideak dira, aldiz, langile behar handiena dutenak.
BITARTEKARI
Langile zein langabetuak prestatzeaz gain, lan mundurako jauzia egiteko zubi lanak egiten dituzte. Alor ezberdinetako enpresekin harreman zuzena dute; Lanbideko gunea bertan kokatzen da. “Lanerako jendea eskatzen digute. Horretarako lan poltsa propioa daukagu”, adierazi du Prestakuntza Saileko Koordinatzaile Jon Urrozek.
Hortik aurrera, enpresek eskatutako perfila betetzen duten hautagaien zerrenda osatzen dute. Bi aldeak, enpresa eta langilea elkarrekin harremanetan jartzeaz arduratzen dira. Ekimenaren nondik norakoez pozik agertzen dira arduradunak. “Balorazioa oso positiboa izan da, jendea pozik agertu ohi da ikasitakoarekin eta ezagupen berri horiek medio, gehienek lana aurkitu dute”, adierazi du Urrozek.