Urteroko batzar irekia egingo du Kirol Elkarteak datorren azaroaren 9an. Arduradunek deialdia egiten diete herritarrei, bertara agertu daitezen. 19:30tatik aurrera, Lekaion izango da batzarraldia. Hainbat gai mahai gaineratuko dira batzar ireki horretan. Batetik, pasa den 2006/2007 denboraldiako balantze ekonomikoa aurkeztuko dute. Baita kirol urte berri honetarako aurrekontuak ere. Arduradunek gogorarazten dutenez, “kluba herriarena, herriarentzat da”. Hori dela eta, herritarrei deialdi berezia egiten diete batzarrera gerturatu daitezen. Baita hainbat kirol taldeetan aritzen diren gaztetxoen gurasoei ere. Hain zuzen, urtetik urtera herriko kirol taldeetan urnietarrek duten parte hartzea hazten doa. Baina kirol instalakuntzak daudenak dira. Espazio falta nabarmena da, eta dagoeneko kezkagarritzat jotzen badute egoera, aurrerantzean are gehiago egin dezake okerrera. Hori dela eta, kezkatuta daude alorreko arduradunak. Alde horretatik, kirol urte hau giltzarria izango da zenbait erabaki hartzerakoan.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!