Artisautzako zer jardueratan zabiltza?
Laureano Paniagua: Zumezko saskiak egiten ditut. Gaztainazko zerbait ere egin izan dut Lekaion, Antonio Garmendiarekin batera. Baina gehienetan, zumea baliatuta egiten ditut.
Zenbat denbora daramazu?
L.P. Umetan hasi nintzen egiten. Honetan jarduten zuten aitonak eta aitak. Hamazazpi urte bete arte haiekin aritu nintzen Valladoliden, bertan jaioa bainaiz. Hamazazpi urte beteta Andoainera etorri eta Vegasan lanean hasi nintzen. Lurdes Iriondorentzat saskiak egindakoa naiz. Zumea material ona da, iraunkorragoa baita.
Duzun materialarekin zer egin daiteke?
L.P. Perretxikoentzat saskiak, arroparenak, ogi-otarreak... Baita Olentzerotan baserritarrez jazten diren haurrentzat saskiak ere. Denetik egiten dut.
Nola ezagutarazten duzu zure lana?
L.P. Azoketan ibiltzen gara. Hori guztia zaletasun hutsagatik egiten dut. Behin baino gehiagotan gertatu izan zaigu, azokatara joan eta irabazi beharrean galtzea, gasolina edota bazkaria dela eta. Entretenitzeko egiten dut.
Nondik izaten duzue azoken berri?
L.P. Gabiltza artisau elkarteak jakinarazten digu zer nolako azokak dauden. Horren arabera, batera edo bestera joaten gara. Nafarroan ere bada antzeko beste elkarte bat. Bertan ospatzen diren beste dozena bat azoketara joateko gonbidatzen gaituzte. Gipuzkoan bestela, Azpeitian, Ordizian edota Hondarribian egon izan gara. Nafarroan, Tutera, Olite edo Lizarran.
Zeure iritziz, artisau lana behar beste baloratzen al da?
L.P. Batzuek bai. Besteak ez dira jabetzen. Egiten duzuna garestia dela iruditzen zaie. Baina ez dira konturatzen materiala ordaindu beharra dagoela, denbora pasa behar dela. Batzuetan egindakoarekin gastuak ordaindu ditzakegu. Bestetan galtzen ateratzen gara. Zaletasun bat da, eta egitea gustuko dudanez, ahal dudan arte jarraituko dut. Ezin dudanean utziko dut.
Zer nolako oztopoak ikusten dituzu artisau gisa aurrera egiteko?
L.P. Ikusten denez, hemen horrelako lan gutxi egiten da. Nire jardueran, Peraltako bat eta ni gara bakarretakoak.
Artisau lana desagertzear al da?
L.P. Epe luzera, ekonomikoki konpentsatzen ez duenez… Hemen, Lekaion klaseak ematen genituenean, Antonio Garmendiak eta nik hamabi ikasle hartzen genituen. Ikastaroa bukatzerako bi ikasle baino ez genituen izaten. Lan honek denbora eskatzen du, materiala ordaindu beharra dago… Epe luzera desagertu egingo da.
Atzetik etor daitekeen jende gazterik ba al dago?
L.P. Laguntzak egonez gero, agian aurrera egingo luke artisau lanak. Baina lan hau egitera animatzen den gazte gutxi dago.