Hitzarmenak lehendik hasitako bidea indartzen du, sinatzaileen arabera. Bezeroei kalitatezko zerbitzua eman nahian, aurrerapauso berri bat; zerbitzua euskaraz eskaintzea. Horren haritik, Kutxako Zuzendari Nagusi Xabier Alkortaren esanetan, “Euskara laneko tresna eta bezeroen eskubide bihurtzen da”. Positibotzat jo zuten guztiek, emandako aurrerapausoa. Kutxako arduradunek lehen konpromisoa bezeroekin dutela adierazi zuten; bigarrena lan taldearekin. Karlos Ruiz Giza Baliabideetako zuzendari nagusiaren hitzetan, garrantzitsuena “hitzarmena jendaurrean aplikatzea da”.
Orain arte udal langile eta teknikariek egindako lana eskertu nahi izan zuen udal sinatzaileen izenean, Hernaniko alkate Marian Betialarrangoitiak. “Herritarrak kutsatu nahi ditugu, euskaraz bizi daitezen”, adierazi zuen. Beti ere animatu, behartu gabe. Eman beharreko beste pauso askoren artean kokatu zuen Kutxarekin sinatzekoak ziren euskarari lotutako hitzarmena. Etorkizunean beste erakunde finantzarioen kalitatea hobetzeko ispilu edo eredu bihurtzen zela adierazi zuen Foru Aldundiko Kultura Diputatu Maria Jesus Aranburuk. Elkarlanean aurrerapausoak emateko konpromisoa hartuta, Administrazioa euskaldundu beharraz ere mintzo zen. Bere esanetan, “utopietan sinistu behar da, errealitatean aurrerapausoak emateko”.