Inkesta ikusleen artean
1.Gustuko al dituzu txaranga doinuak?
2. Zer moduzko giroa jarri dute Andoaingo kaleetan?
3.Lehendik ezagutzen al zenuen Kuxkuxtu Txaranga?
4. Zer iruditzen zaizu “Iparraldea Andoainen” ekimena?
Arantxa Etxeberria (Urnieta)
- Oso gustuko, izugarri. Norbera animatzeko aproposa.
- Merkatura etorri naiz, eta ezustean honelako doinu politak entzutea pozgarria da.
- Egia esan, ez nituen ezagutzen. Oso berezia iruditu zait, beste txarangekiko instrumentu ezberdinekin.
- Oso ondo iruditzen zait horrelako ekimenak. Iparraldea eta Andoainen arteko lotura indartzea interesgarria da.
Maite Treku (Andoain)
- Bai asko gustatzen zaizkit txarangak; oso alaiak baitira.
- Giro polita sortu dute, aparta.
- Iparraldera askotan joaten bagara ere, ez genuen Kuxkuxtu txaranga ezagutzen.
- Oso ondo iruditzen zait mota hauetako ekimenak bultzatzea. Ekimen honekin lotuta Basteron ere izan ginen emanaldi batean; nik uste bultzatu behar direla horrelakoak.
Agustin Alberro (Andoain)
- Politak dira txaranga doinuak, alaiak.
- Giro espeziala. Pena da, behar bada zenbaitek ez zuela honen berri izango. Baina inguratutako guztiak gustura gaudela ikusten da.
- Bai, ezagutzen nituen. Behin Añorgako jaietan ikusi nituen.
- Oso ondo iruditzen zait. Ekimen politak dira, denon artean bultzatu beharrekoak.
Beñat Elizondo, Kuxkuxtu txarangako kidea
Kuxkuxtu Txarangako kideek, doinu ederrez jantzi zituzten Andoaingo kaleak larunbatean. Bederatzi lagun, bakoitza bere instrumentuarekin eta guztiak, kantari. Eurak, eta baita inguruan bildu zirenak ere. Hauexek Kuxkuxtu Txarangako partaide den Beñat Elizondok kontatutakoak.
Noiz sortu zen Kuxkuxtu Txaranga?
Beñat Elizondo. Aspaldiko txaranga dugu hau. Beste izen batekin ibili ginen hamar bat urtez eta, une honetan, badira dozena bat urte Kuxkuxtu izenaz ezagutzen dela. Nafarroa Beherako Duzunaritze herrian sortutakoa da. Han ohitura da, festetan etxez etxe ibiltzea musikarekin eskean, eta modu horretan sortu zen txaranga.
Orain txarangako kide zaretenok, nolatan elkartu zineten?
B.E. Gurea, lagunarteko txaranga bat da. Partaide gehienak Urruñakoak eta inguruetakoak gara. Bakoitzak instrumentu bat jotzen genuen eta honela bildu egin ginen. Gure printzipioa da, ahalik eta instrumentu gehien elkartzea; gaur denak etorri ez bagara ere, orotara, hamalau gara.
Zer berezitasun du Kuxkuxtu Txarangak?
B.E. Kantuaren inguruko txaranga bat da. Beraz, guk nahi duguna jendeak gurekin batera parte hartzea da; kantuan aritzea. Horretarako liburuxka batzuk ditugu abestien hitzekin eta esan behar da, 30.000 aletan atera dugula gure liburuxka.
Zertan oinarritzen da zuen errepertorioa?
B.E. Denetariko kantuek osatzen dute gure errepertorioa. Euskal kantuak guztiak, gehienak ezagunak, zaharrak eta baita oraingo berriagoak ere; guztiak tartekatzen ditugu. Kalean, tabernetan… aritzen gara jotzen, baina beti ere jende artean.
“Irabazi arte” izeneko diskoa ere kaleratu zenuten 2005ean. Zer topa daiteke lan horretan?
B.E. Hamaika abesti biltzen ditu disko honek eta bertan topa daitezke esaterako zenbait Fandango eta Arin-arin. 2000 ale atera genituen eta denak agortu dira.
Beste proiekturik ba al darabilzue buruan?
B.E. Bai. Datorren urterako zerbait prestatzen ari gara eta beste disko bat ateratzeko asmotan gabiltza.
Askotan etorri al zarete Iparraldetik Andoainera?
B.E. Askotan ez, bigarren aldia da. Baina bereziki pozik nago hona etortzeaz, nire aita Andoaingoa baitzen.
Zer iritzi duzu “Iparraldea Andoainen” ekimenaren inguruan?
B.E. Biziki ongi dago eta beraz, guk ere antolatu ohi ditugu honelako ekimenak. Gehienbat Goierrin baditugu harreman sakon batzuk, Beasain eta Ordizian esaterako. Eta badira beste txaranga eta herri batzuk Bizkaiko herrietara joaten direnak.
Horiek, biziki beharrezko harremanak dira; loturak orokorrean sendotzeko eta baita hizkuntzari dagozkionak ere.