Batzarraldiaren kronika

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2007ko urr. 30a, 14:00

Batzarraldian ikusitakoari erreparatuta, sozialistak abantaila handiarekin jokatzen ari dira agintaldiaren hasieran. Garrantzi eta eraginkortasun handien duten gaietan gobernukide duen IU-EBren babes osoa dauka. Babes horrekin nahikoa ez eta orain arte PP alderdia gobernu taldearekin bat egiten ari da.

Beraz, PSE-EE kezkatuta agertzeko arrazoirik ez du, aliatuak dituelako politikagintzan dabiltzan ezkerreko eta eskuineko alderdien artean. Bitxia bada ere, batzuetan hiruko gobernua dirudi Andoaingoak.
PPko Canok behin eta berriz aitortu du ez dela oposizioko hautetsi izatera ohitzen. IUko Barreiro, oraingoz, isiltasunaren estrategia jarraitzen ari da.

ZERGAK ETA TASAK
Perez Gabarain alkatea datorren urterako zerga eta tasa ezberdinen igoera azaltzen saiatu zen. Presio fiskala azaltzerako garaian, Udalak beharrezkoa dena baino gutxiago jasotzen duela adierazi zuen. Andoainen biztanleko jasotzen den kopurua 370 eurotan kokatu zuen alkateak, Gipuzkoako bataz bestekoa 491 eurokoa denean. Diru sarrerak berregituratu beharraa adierazi zuen, ”Gure datuen arabera Udalak bi milioi euro gutxiago jasotzen ditu”.
Laburbilduz, hauexek dira igoera garrantzitsuenak:

  • Ondasun higiezinenak    %10eko igoera
  • Ura    %15eko igoera
  • Zaborra    %25eko igoera

Uraren eta zaborren igoera azaltzeko garaian herritarrak gehiago eta hobeto birziklatzera dei egin zuen alkateak, “Ur gutxiago kontsumitu eta erabilera hobetu beharra dago. Bestalde, zaborren zerga halabeharrez igor behar da. Zergetan  250.000 euro jasotzen dugu baina Zaborren Mankomunitateko gastua milioi bat eurokoa da”. Gobernu taldearen ikuspegitik, gastuaren eta sarreren desoreka gainditzeko igo dituzte zergak.
EAko Gabino Agudori Ogasun bileran eginiko hiru proposamenak kontutan hartu zituela adierazi zion alkateak, baina hirurak bazter batean utzi zituen. PPko Canok ardura politikoarekin jokatuko zutela iragarri zuen. Udal Gobernuaren proposamenarekin bat egin zuen baldin eta sei hilabeteko epean zergak aztertuko dituen lan mahaia osatzen bazen.
EAJko Gurutz Irigorasek estrategia falta egotzi zion alkateari, “Zortzi urte pasako dira eta oraindik ez dakigu zein den zuen politika fiskala”. Sozialisten plana erretiratzea eskatu zuen, nahiz eta horrelakorik ez zela gertatuko aitortu zuen. IUko Sergio Barreirok ez zuen hitza hartu.
Bozketaren emaitza:
Alde:     PSE-EE, IU-EB, PP.
Aurka:    EAJ-PNV, EA.


EUSKARA
Udal gobernuak idazkari eta Gizarte Zerbitzuetako arduradun lanpostuak betetzen dituzten langileei dagokien 4. hizkuntza eskakizunaren derrigortasun-araudi orokorra betetzetik salbuestea proposatu zuen, dagoeneko 3. hizkuntza eskakizuna lortu zutelako.
Udal arduradunengan euskararen aldeko pausu eraginkorrak egiteko borondate falta salatu zuen EAJk. EAk ere proposamenarekin desadostasuna agertu zuen.
Bozketaren emaitza:
Alde:     PSE-EE, IU-EB, PP.
Aurka:    EAJ-PNV, EA.

KONTSULTA
PPko Canok Ibarretxek 2008rako EAEn iragarri duen herri kontsultaren harira aurkako mozioa aurkeztu zuen, urgentziazko prozedura bidez.
EAJ, IU eta EA alderdiek proposamen horri aurre egiteko kontsultaren aldeko beste proposamena aurkeztu zuten. Estanis Amutxastegik Ibarretxeren asmoen aurka hitz egin eta, xehetasunak xehetasun, PPk aurkeztu zuenaren alde egingo zuela iragarri zuen.
Aurreko batzarraldietan gertatu bezala, ika-mika handia sortu zen Egibar, Cano, Amutxastegi eta Gabarain udal hautetsien artean.
PPk aurkeztutako mozioa:
Alde:     PSE-EE, PP.
Aurka:    EAJ-PNV, EA, IU-EB.

Hirukoaren proposamena:
Alde:     EAJ-PNV, EA, IU-EB.
Aurka:    PSE-EE, PP.

PPrena atera zen aurrera, alegia. Batzarraldia amaituta, Auzokalteko zubi berriaren inaugurazioan izan ziren udal hautetsi gehienak.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!