Idatzi honen bidez, Villabonako alkatea naizen aldetik, emakumeen aurkako erasoak salatu nahi ditut. Guzktiok jakina da emakumeen kontrako bortizkeria giza eskubideen urraketarik larrienetakoa eta hedatuenetakoa dela mundu honetan; genero biolentzia hau, inolako justifikaziorik ez duen emakumeen aurkako tratu txarra eta iraina izateaz gain, gizarte eredu zehatz baten ankerkeriaren erakusle garbia da. Izan ere, sexu batek bestea zapaltzeko grinak halakoak gertatzea ahalbidetzen du, eta, horretarako, historikoki eta nahita, emakumeari bigarren mailako izaera eman nahi izan zaio.
Baina nahikoa da! behar-beharrezkoa da hau gelditzea eta emakumeoi zor zaigun errespetua aldarrikatzea, gainontzean emakumeen kontrako tratu txarrek eguneroko ogia izaten jarraituko baitute. Ez ahaztu, gainera, publikoki ezagutu diren azken bi kasuak gure inguruan izan direla, eta, horregatik, Bilgune Feministak Villabona eta Zizurkil arteko Zubimuxu zubian deitu duen elkarretaratzea babesten du Udalak (hilaren 29an, astelehena, gaueko 20:00etan). Herritar guztion ekarpena ezinbestekoa da emakumeen aurkako jazarpen, irain eta tratu txarrak oro geratu ahal izateko.