Marijo Sardon eta Iker Lizarribarrek jarduerari lotutako teknikak eta ariketak irakatsiko dizkiete dagoeneko prestatzen ari diren taldeei. “Emozioak kontrolatu eta gorputza lantzea da asmoa”, adierazi du Marijo Sardonek. Kiroletan heztea alegia, prestatzaileek dioten bezala, helduak direnean lehian murgiltzeko nahiko denbora izango dute eta. Orduan, berriz, lagungarriak izango zaizkie Adarran jasotako irakasgaiak. Kirol heziketa bai, baina tarte atsegin bat pasatzeko aukera dute bertaratzen direnek.
ERRONKA, JARRAIKORTASUNA
Duela zortzi urtetik hona Kiroldegian ez da ez judo klaserik falta izan. Baina mugatua dute haien eskaintza. Bost urterekin hasten direnek, gerora, hamabi urte betetzean taldea uzten dute; ikasketak direla eta, jarraitzeko asmorik ez izateagatik… Edota horretarako aukerarik ez dutelako. Ondorioz, bete nahiko lukeen hutsune bat du taldeak. “Klubak izena mantentzeko jende heldua behar du”, adierazi du Sardonek. Baina gaur egun kirol taldeak ez du horrelakorik. Horregatik, erronka Urnietako taldean jarraitu nahi duenak beste klub batera joan beharrik ez izatea lortzean dago.
Judoan esperientzia handia duten bi prestatzaile dituzte urnietar gaztetxoek. Iker Lizarribar andoaindarra, gerriko beltza, hemeretzi medaila Espainiako Txapelketan, Entrenatzaile Nazionala, Errendimendu Altuko Masterra, Heziketa Fisikoan Lizentziatua. Marijo Sardon urnietarrari buruz jada esandakoaz gain, hamalau medaila Espainiako Txapelketan. Ezin eskatu gehiago.