Iñaki Otaño San Sebastian, lagun arteko bertsolaria

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2007ko urr. 24a, 20:00

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa pil-pilean dagoen honetan, denboran atzera eginda, urnietarrik ere topatuko dugu punta-puntako bertsolarien artean; urrutirago joan gabe, Iñaki Otaño San Sebastian, Oztaran auzoko Agirieta baserrian 1949ko abenduaren 5ean jaiotakoa. Plaza gizona baino nahiago izan du taberna giroan bertsotan aritzea.

Txikitatik datorkio bertsotarako sena Iñaki Otañori. Sorabillako Goiko Etxeberri baserrian bizi da, baina bertsotarako iaiotasuna bere jaiolekuan Urnietako Agirietan eskuratu zuen. Aita eta anaia zituen garai hartan bertsotarako lagun. “Entzunez etortzen da dena”, ziurtatu du Otañok. Bere ustez. Eskolak lagundu dezake baina ez da haren beharrik bertsotan aritzeko.

Belarri fina izatea nahikoa da bere iritziz, behar bezalako bertsoak botatzeko. Bazkalorduan senitartekoei entzunez, mahai baten bueltan eserita hasi zen urnietarra. Modu horretan barneratu zituen bertsogintzari buruz jakin beharreko neurri, doinu, errima eta bestelakoak. Etxe giroa izan zen bere eskola partikularra eta aldi berean, bere plaza.

SAGARDOTEGIAK, BERTSO LEKU
Behar besteko prestakuntza jaso ostean eman zuen handik kanporako jauzia. Gaztea zela gertatu zen, soldaduskara joan aurretik. “Olidenen, Aiakoekin desafioka aritzen ginen”, oroitzen du. Usurbil edota Orio aldera askotan joandakoa da. Bateko zein besteko taberna eta sagardotegi ugari bisitatu zituzten, inguruetako herritarrak bertso lagun zituela. Plazak ez zituen maite hainbeste, bere esanetan, “hotzak dira eta”.

Afari eder baten bueltan, bertsotan errazago egiten zuten, Oriora joan zenetan bezala. Gero etxera itzuli behar, auto-stop eginez. Hori bai, etxerako bidean bazituen bere geltokiak ere, Usurbilgo Santuenea auzoan adibidez. Inguru hartara iritsita ez zuen bi aldiz pentsatzen. “Argia ikusi bertako soziedadean eta barrura”, adierazi du. Ezin etxeratu.
Hitzordu horietan zer nolako bertsoak sortzen ote zituzten galdetuta, batak besteari erantzuteko baliatzen zituztela zioten. “Hizketan bezala aritzen ginen”, gogoratzen du.

LEHENGOAK, ONENAK
Soldaduska garaiak eten zuen bere bertsozaletasuna. Beretzat garrantzitsua zen hitzordua huts egitera behartu zuen gainera. “Mattini omenaldia egin behar zioten, baina ezin joan soldaduskarako trena hartu behar bainuen”, gogoratzen du Otañok. Mattin du gogoko eta harekin batera miresten ditu baita Uztapide, Lasarte, Baserri, eta batez ere, Xalbador. “Gaia jarri orduko segituan jartzen ziren bertsotan”, adierazi du Otañok. Bertsoak bote prontoan botatzeko zuten abilezia azpimarratzen du. Baina baita beste bi ezaugarri ere. “Giro euskalduna eta haiek abesten zutenean jendartean eragiten zuten isiltasuna”, bere esanetan.

JAIOTERRIAN KANTARI
Ez zen afizio hutsa berea. Bertsozaletasunak eta trebeziak lehian parte hartzera eraman baitzuten Otaño. Ez du berehalakoan ahaztuko 1982ko Euskal Herriko Bertso Txapelketa. Berrogeita hamar bertsolari lehiatu ziren txapelketa hartan. Otaño, Tolosan, Zornotzan eta Oiartzunen izandako fase ezberdinak gainditu ondoren, finalerdietaraino iritsi zen. Fase hartako saioan izan zituzten arazo teknikoak ere ez zaizkio ahaztu. “Bozgorailuetatik ez zen ondo entzuten gai-jartzaileak eta beste bertsolariek esandakoa”, adierazi du.
Txapelketa gehiagotan ere egona da. 21 urterekin irabazi zuen lehen txapela Andoainen, bertsolari gazteentzat antolatutako txapelketa batean; Ordizia edota Zarautzen antolatzen den Lizardi sarian ere bere neurria ongi erakutsi zuen.  

Bere jaioterrian ere kantatu izan zuen, San Juan plazan eta Eliz-ondo zineman. Penaz adierazten du, orain, Sanmieletan edo, Urnietara joaten denean, bertako bertso-saio edota hain gustuko dituen herri kiroletako erakustaldietan, gazte gutxi ikusten duela. “Orain inguru hauetako umeek euskaraz ikasten dute, baina euskal girotik urrun bizi dira”  

LANA ETA BERTSOAK, BATERAEZINAK
Gaueko pozak, goizean esnatzeko trabak ekartzen zituen. Gaueko hiruretan erretiratuta, goizeko seietarako lanerako jaiki behar eta bere esanetan, “lantokian eta baserrian gaizki”. Ondorioz, eguzki orduetan lan egin eta gauean izaten zituzten bertsoak eta haiek zekarten soka luzea etetea erabaki zuen 33 urterekin. “Bateraezinak ziren”, gogoratzen du.
Bertso kontuak aspaldi utzi zituen atzean. Ez da orain txapelketa ikusi zalea eta garai bateko bertsolarien parekorik ez dagoela dio. Zaila izango da bere ustez, garai hartako bertsolari belaunaldien tamainakorik errepikatzea. Txapelketak txapelketa, plazan aritzea baino taberna edota sagardotegi giroko bertso saioak askoz maiteagoak ditu. Lagun arteko bertsolaria izan baita Otaño.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!