Beraz, jada gaztetxoek aisialdi hezigarriaz gozatzeko aukera dute berriz ere. Udaleko Haur eta Gazteria Sailetik bultzatutako ekimenak denetariko ekintzak antolatzen ditu. Eta emaitza ezin hobea da. “Ondo pasatzen dute. Gustura eta lasai egoteko aukera dute”, adierazi du Ixiar Beristainek. Iaz, semeak ekimenean parte hartu zuen eta gustura joaten zen.
Tarte dibertigarri bat pasatzeko aukera izateaz gain, hezigarriak diren jolas kooperatiboetan edota hainbat tailer prestatzen dizkiete hezitzaileek; munduko kulturen tailerra, sormenezkoak, jarduera bereziak hiruhilero… Eta guztia euskaraz. “Haurren ikastolako heziketak jarraipena duela ikustea positiboa da, bai hizkuntza aldetik edota psikomotrizitatea lantzeko”, adierazi du beste guraso batek, Xanti Gorrotxategik.
Herrian ikastetxe bat baino gehiago izanda, heziketa zentro ezberdinetako ikasleen topalekuan ere bihurtu ohi da Gaztetxoen Txokoa. Beraz, ikasleak elkar ezagutzeko aukera ezin hobea eskaintzen du ekimen honek.
IZEN EMATEA ZABALIK
Zortzi urtetik hamaika urterako adin tarte horretako gaztetxoek izena eman dezakete Gaztetxoen Txokoan. Oraindik plaza libreak daude. Ekainera arte luzatuko da ekimena eta ordaindu beharrekoak, 40 euro besterik ez dira. Interesatuek Lekaiora bertara jo edota telefono zenbaki honetara deitu dezakete izena emateko: 943 008 033. Baita gazteria@urnieta.org helbide eletkronikora e-mail bat bidalita ere.