Eskualdeko mendi inguruaz gozatzeko aukera, igandean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2007ko urr. 24a, 19:55

Urriaren 28an, igande honetan bertan, Buruntzaldeko ibilbideen eguna iragarri dute eskualdeko udalerrietako kirol arduradunek. Hain zuzen, lehen aldia da eskualdeko udalek eta kirol patronatuek elkarlanean horrelakorik antolatzen dutela. Egitasmoa burutzeko laguntzaile izan dituzte eskualdeko Andatza, Euskalduna eta Mendiriz Mendi elkarteak.

Urte batzuk dira Buruntzaldeko ibilbide desberdinak berreskuratu nahian udal instituzioak lanean dabiltzala. Aurrez zeuden herri bideak hartu eta eskualde honetako herriak ibilbide desberdinez biltzen saiatu dira. Beraz, igande honetan seinalizaturiko bideetan barrena burutuko dira txango ezberdinak.

Buruntzaldeko Ibilbideak egitasmoaren bitartez, lagunartean eta paisaiaz gozatzeko moduko txangoa egiteko aukera izango da, eskualdeko landa-ingurune naturalean barrena. Inguruak eskaintzen duena ez baita makala. Antolatzaileen hitzetan, “Ia 50 kilometrobidezidor eta bide ditugu, landako paisaiaz gozatzeko. Belardiak eta basoak zeharkatuz eta baserri, baseliza, karobi eta natura nahiz kultura aldetik, interesgarriak diren beste leku batzuetara hurbiltzeko”. Herrietan ibilbide hauetako trazatuak, profilak eta distantziak erakusten dituzten panelak daude, eta bideetan, berriz, norabideak eta distantziak markatzen dituzten geziak eta zuinak. Seinale horiek guztiak udalerri bakoitzaren identifikazio-koloreak aintzat hartuz ipinita daude; hala, seinale bat bidean ikusten dugunean ibilbidearen zein zatitan gauden jakingo dugu.

IBILALDIA
Buruntzaldeko ibilbideen egunarekin  ibilbide guzti horiek ezagutarazi nahi dituzte. Goizeko 9.00etatik 14.00ak bitartean ibilbide desberdinak egiteko aukera izango da. Herri bakoitzean kontrolgune bat egongo da, argibideak eman eta mokaduak eta edatekoak banatzeko. Abiatzen den bakoitzari txartel bat emango zaio, abiatzen den lekuko zigiluarekin; hiru zigilu ezberdinekin, kamiseta bat emango zaio.
Andoain-Usurbil ibilbidea egiten dutenek soilik bi zigilu beharko dituzte. Txistokiko zubia igaro eta Allurralde baserritik gora dauden seinaleei erreparatuz gero, ibiltaria Usurbilera iritsiko da. Antolaketak itzulera autobusez egiteko aukera eskainiko die partaideei.

INFORMAZIOGUNEAK ESKUALDEAN
Eguna: Urriaren 28a, igandea.
Ordua: 09:00 - 14:00 bitarte.
Usurbil: Santueneako auzoan. Zorrotzeko zubiaren parean.
Hernani: Udaletxe atzean.
Andoain: Udaletxe azpian.
Lasarte-Oria: San Pedro elizaren atzealdean.
Urnieta: Udaletxe azpian.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!