Baserrietako adinekoen bizi kalitatea aztergai

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2007ko urr. 24a, 19:54

Nekazal eremua lantzen duen Behemendi landa garapenerako agentziak Andoaingo Udalarekin sinaturiko lan hitzarmenari esker, baserri eremuetan bizi diren 65 urtetik gorako herritarren azterketa egiten ari da Naroa Tubilla Ziganda gaztea. Adinekoen bizi kalitatea hobetzea, egitasmoaren helburu nagusia.

Herritar hauen bizi baldintzak eta Udaleko gizarte zerbitzuekin duten harremana dira Naroa Tubillak dituen bi aztergai nagusiak. Sorabillan ibili ondoren, Goiburun dabil egun hauetan eta datozen asteetan Leizotz eta Buruntza auzuneetan izango da bisitaldiak egiten. Auzune bakoitzean, herrigunetik urrutien dagoen baserrietatik hasten da. “Diagnostiko bat egiten ari naiz behar sozialak zeintzu diren jakite aldera. Gizarte Zerbitzuekiko duten informazioa aztertu nahi dugu eta, lehen datuen arabera, adineko herritar talde honek Udaleko Gizarte Zerbitzuekin harremanik ez du. Gizarte Zerbitzuen lansaila adinekoen beharrei erantzuteko dagoenik ere ez dakite askok”. Horregatik, bisitaldiak egin bezala, Udalak eskaintzen dituen zerbitzuen berri ematen ari da Naroa.

Eragile honen lehen inpresioa kezkagarria da: Udala arrotza zaio adineko hauetako gehiengoari. “Egin ditugun elkarrizketa apurrean konturatzen gara herrigunera oso gutxitan gerturatzen direla. Soilik medikura edo erosketak egitera. Bizimodua baserri inguruan egiten dute. Zaharren egoitza, eguneko zentrua… horiek ezagunak zaizkie, baina, Gizarte Zerbitzuen inguruan ezer gutxi dakite. Haietako askok egoitza Anbrosia Olabiden dagoenik ere ez dakite”. Azterlanean somatu dituzten gabezia edo beharrei irtenbidea eman nahi diote eta etorkizunean horiek denak gainditzea nahiko lukete. Andoaingo beste eremuetan dagoen bizi kalitate eta ongizate maila baserrietara zabaldu nahi dute. Zaila izan arren, heldu beharreko gaia da.

Naroa Tubilla Ziganda urrian hasi zen Andoainen lanean eta, hemengo zeregina amaitzean, Urnietara abiatuko da azterlan berdina egitera. Behemendi, Donostialdea eta Bidasoako landa eremuetako garapenaren alde lan egiten duen elkartea da. Eskualdeko hamairu udaletxeek, tartean Andoaingo eta Urnietakoa, eta bertako nekazal eremuan lanean diharduten elkarteek osatutako erakundea da.  Gipuzkoako biztanle gehien dituzten herriak aurki ditzazkegun bailara honetan, nekazal auzoen garapena eta bertako baserrien etorkizuna bermatzea da elkartearen helburu nagusia.

UDAL ZERBITZUAK
Kalean edo mendialdean, etxean nahiz baserrian bizi, herritar gisa adineko guztiek hainbat zerbitzu eskura dituzte, eta horietaz baliatzeko aukera eskaintzen ari dira kanpaina honen bidez. Batzuren artean, hauexek:

Etxez etxeko laguntza-zerbitzua: Etxeko lanak eta/edo zaintza pertsonalerako lanak egiten zaizkio bere etxean, duen bizi-kalitatea hobetzeko helburuarekin.

Tele-alarma zerbitzua: Osasun edo ezbehar larria gertatzen denean eskaintzen den berehalako zerbitzua.
Gizarte Zerbitzuen bidez eskaintzen diren zerbitzu guztien inguruko informazio osoa telefono zenbaki honetara deituta eskuratu daiteke: 943 30 43 43.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!