Zizurkil Goiko Lartin baserrian jaio zen Jesus. Amasa-Villabonan bizi da azken urte luze hauetan. Ehiza ez da zaletasun berria berarentzat. Gazteagoa zela, basurdeak, erbiak, azeriak eta usoak ehizatzen zituzten, besteak beste. “Basurdetara inguruko mendietara nahiz kanpora ere joaten ginen lagun taldea. Nafarroa aldera ehizara abiatzen ginenean, egun batzuetarako irteera egiten genuen. Mendira igotzeko biderik ez zegoenez, oinez ibiltzen baikinen batetik bestera”. Ehizean ere, gaur bezainbesteko erraztasunik ez zegoela azaldu du, “apenas izaten zen kotxerik batetik bestera ibiltzeko eta basurderen bat ehizatuz gero, ahal zen bezala, arrastaka jaisten genuen menditik behera”. Lehen bezala orain, lagunekin elkartu eta tertulian egoteko aitzakia da ehiza Jesusentzat. “Aspertu egiten naiz bestela. Ehizatutako haragia jatea baino gehiago gustatzen zait lagunartean sortzen den tertulia ederra”. Ez du ehizatik jubilatzeko asmorik, “ahal dudan bitartean jarraitu egingo dut”. Jesusen emazteak ehiza taldeko kiderik helduena dela azaldu du, baina zalantzarik gabe, sasoi betean dagoela. “Duela aste pare bat ehizatu zuen azken basurdea”.
Basurde asko inguruan
Egun, irailetik hasita, larunbat eta igandero biltzen da lagun taldea ehizara joateko. “Andoaingoak dira taldekide gehienak, baina Zizurkil, Villabona eta Urnietatik ere gerturatzen da jendea”. Lehen Amasamendin ere ibiltzen ziren arren, Tolosako ehiztariek hartu dute orain gune hori eta Jesus eta bere lagunak Leitzaran aldera joaten dira, “Leitzaran eta Aduna aldean ibiltzen gara gehien. Alkiza, Asteasu eta Aiara ere joan gaitezke, baina gutxiago joaten gara”. Basurdea harrapatuz gero, astelehen gauetan ospatu egiten dute lagunartean, “basurdea ehizatzen dugunean, Andoaingo Ikatza tabernan biltzen gara afaltzeko”. Basurde asko dagoela dio Jesusek, “lehen usoak nahiz untxi eta erbiak ere asko harrapatzen genituen. Orain basurdeak eta noizean behin, azeriren bat”. Iazko denboraldian 30 basurdetik gora ehizatu zituzten. Aurten 9 ehizatu dituzte dagoeneko. Pisuaren inguruan galdetuta, “30 kilotik 100 kilo bitartekoak harrapatu izan ditugu. Orain bai, patrolean sartu eta erraz jaisten ditugu herrira”. Lehenik eta behin, harategira eramaten dute basurdea larrutzera. Lagunarteko afaria egin eta gero, ehiztarien artean banatzen dute gainerako haragia. “Zapore fuertea du basurdearen haragiak. Gisatuta jaten dugu”. Zatirik goxoenen artean, “basurdearen barrabilak eta gibela”, aizu!