Bidaiatzeko toki ezberdinen inguruko proposamenak bidali dituzte Gipuzkoa osoko gazteek eta andoaindarrak izan dira gehien parte hartu dutenak, guztira 234 gomendio bidaliz. Gipuzkoako bederatzi herrietako Gazte Bulegoak parte hartu dute Gomendatzen dizut sariketan: Andoain, Arrasate, Azkoitia, Azpeitia, Bergara, Donostia, Elgoibar, Irun eta Hondarribia. Gainerako herrietako gazteek ere, izan dute parte hartzeko aukerarik, Foru Aldundiak eskaini baitie horretarako bidea. Andoaingo bulegotik 174 gazteren proposamenak bideratu dira, eta honenbestez, parte hartzerik handiena lortu du.
Sariak partaideentzat
Bostehun gomendiotik gora jaso dituzte antolatzaileek eta zozketa bidez erabaki dute zeintzuk izan diren garaile. Aipatzekoa da, gomendio gehienak euskaraz jaso izana, izan ere, berrogei idazlan bakarrik aurkeztu baitituzte gaztelaniaz. Andoainen, Janire Perez izan da garaile hamabi eta hamazapi urte bitartekoen taldean. Karibeko irlen inguruko idazlana aurkeztu zuen Janirek eta I-pod-a edo argazki kamera baten artean aukeratu beharko du bere saria. Hemezortzi urtetik gorakoen artean Ainhoa Lizeaga izan da saritua Formenteraren inguruko gomendioa egiteagatik. I-poda edo gustuko oporralditxoa jasoko dute bigarren taldeko garaileek.
Horrez gain, Foru Aldundiak kalitate handieneko gomendioen artean aipamen bereziko saria eskaini du: Jone eta Alaitz izan dira garaile, Magrebeko Chauen herriaren inguruan egindako kontakizunagatik. Iaz ez bezala, aurten zuzenean internet bidez aurkeztu ahal izan dituzte gazteek euren proposamenak eta askok baliatu dute bide hori. www.aizue. com gunean gazteen gomendioak ikusgai daude eta sarien inguruko berri ere bertan aurki daiteke.