Kilometro asko dago Andoain eta Viana artean. Andoaindar askok, ordea, oso gertu sentitzen dute Nafarroa Errioxako inguru horretan sortu den euskararen aldeko mugimendua. Harreman honen sorburua, ikastolaren hasierarekin lotu beharko genuke. Andoaingo hainbat gazte izan ziren Vianako ikastolako lehen irakasleak. Horrek noski lotura berezia sortu zuen. Horrela, 1992an Vianan egin zen lehen Nafarroa Oinezen ere parte hartze handia izan zuten andoaindarrek.
Urki dantza taldea esaterako, aurten ere Vianan izan da. Lehen gunean egin zuten dantza. Karmen Rodriguez Urki dantza taldeko arduradunak adierazi duenez, 92tik etengabea izan da bi herrien arteko lotura. “Andoainen antolatzen den haurren euskal jaian Vianakoak behin baino gehiagotan etorri dira, bai trikitixa talde bezala edo dantzari gisa”.
Ikastetxeetako kideak
La Salle Berrozpe ikastetxeko kideak ere Nafarroa Oinezen izan dira. Ikastetxeko Xingola koruak bi ekitalditan abestu zuen; irakasleei egin zitzaien omenaldian lehenengo eta lehen gunean gero. “Xingola korukoak eta Vianako trikitixa taldekoak Andoaingo haurren euskal jaian elkarrekin joan ziren ibilbide osoan, eta horrela, elkar ezagutu eta gonbidatu zituzten Nafarroa Oinezera”. Koruaz gain, laguntza lanetan ere aritu ziren La Sallekoak. “Goi mailako heziketa ziklokoei proposatu genien jasotzera joatea eta baietz esan zuten. Horrela, bertan izan ginen festaren biharamonean. Berrogei ikasle eta lau irakasle joan ginen, eta egia esan, lanbide heziketako ikasleak izanik, gauza elektronikoak desmontatzeko orduan bereziki, laguntza handia eskaini zuten”.
Aita Larramendi ikastolako irakasle talde bat ere bertan izan zen egunean bertan lan egiten. “Zaintza lana egin behar genuen hasieran, baina txoznan lan egiten bukatu genuen. Iritsi ginenean txoznan jendea falta zela esan ziguten eta bertara bideratu gintuzten. Lan asko egin genuen baina, gustura”, azaldu du Arkaitz Lasa irakasleak.
Antolakuntzaren inguruko iritzi ona dute. “Antolaketa oso ona izan zen, askok hartu zuten parte, bai Vianakoek eta baita kanpotik joandakoek ere”.
Euskararen egoera
Poliki-poliki euskara aurrera doa Vianan. Lasak aipatu duenez, “euskaraz gutxi entzuten zen baina, inguru hura ikusita ulergarria da”. Rodriguezek gurasoen jarrera nabarmendu du. “Gehienek ez dakite euskaraz baina oso sentsibilizatuta daude.”
Euskararen aldeko lan nekez horretan andoaindarrak bidelagun izan dituzte vianarrek. Rodriguezek nabarmendu duen gisan, “bi herrien artean harreman hori egon da, badago eta etorkizunean ere egongo da”.
Azken finean, euskara da batzen dituena.