Artisautza, pasio eta ofizio

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2007ko urr. 24a, 11:44

Ordiziako artisaualdian dekorazio onenearen saria irabazi ostean hartu gaitu Karlos Irazuk.

 

 

Sari honek garbi uzten duenez, postua dekoratzerakoan ere ondo pentsatzen du larrauldarrak. Batez ere Ordiziako Artisaualdia bezalako azoketan. “Hemen inguruko azokarik garrantzitsuena da. Gainera, sorreratik azokaz gaindiko helburu batzuk ere izan ditu, urtero gai bat jorratzen dugu, lehen hitzaldiak ere egiten ziren… Elkargune polita da”.

Artisautzaren egoera

Gabezia handiak ere ikusten dizkio: “Egun, egoera kaxkarrean dago artisautza. Alde batetik lan gogorra da, baina bestetik nola plazaratzen garen ere aztertzekoa da. Azokak beharrezkoak dira baina baldintza egokietan. Askotan karpa kaxkar batean jartzen gaituzte, bateko haizeak edo besteko euriak segituan botatzen dutena. Azpiegitura aldetik asko dago hobetzeko. Gero ikasteko aukerak ere falta dira. Ikastaro batzuk badaude, baina erakundeek, oro har, ez dute biderik jartzen artisau lanak irakasteko. Transmisio hori egiteko bideak behar dira. Azkenik, niretzat garrantzitsua da lanean ari garen artisauen arteko harremana sendotzea. Garbi daukat artisauen elkargune bat behar dela. Eraikin bat behar dugu artisauak elkartzeko, artisautzaren zentro moduko bat. Horrek ahalbidetuko luke gure lanak erakusteko gune finkoa edukitzea eta gure artean disziplina ezberdinak nahasteko aukera ere izango genuke. Noski, horretarako gure arteko adostasunaz gain, erakundeen inplikazioa beharko genuke”.
Artisautzak sustraiak tradizioan izan arren, etorkizuna izan dezan eraldatzen jakin beharra dagoela uste du larrauldarrak: “XXI. mendean artisautzak eraldatzen jakin behar du. Behar berrietara egokitzen. Hor dago zentroaren aukera eta disziplinen nahasketa. Agian zentzurik ez daukana programa betetzeko herrietako festetara joatea da. Horretara mugatzen bagara jai dugu. Baina bestela badu etorkizuna”.

Sormena lantzen
Sormenari gero eta bide zabalagoa uzten dio artisau larrauldarrak. “Nik bi era ezberdinetara egin dut lan. Hasieran, zuhaitz baten zainak edo enborra hartu eta hark transmititzen zidan irudira moldatzen nuen. Nolabait esateko, berez egurrak zeukan irudi hori transformatzen nuen. Orain gehienbat lehenik nik egiten dut irudia buruan eta gero horretara moldatzen dut egurra. Orain haurdun dagoen emakume bat egiten ari naiz, baina sabel barruan zerbait laukia duena. Herri honek bizi duen egoera islatzen du, erditze zaila izango duen emakume horrek. Gustatuko litzaidake urtez urte sormen aldera gehiago bideratzea lanak, ohiko egur irudiak egin ordez. Nolabait esateko, eskulturaren norabiderantz jo nahi nuke”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!