Legorreta, Ikaztegieta, Alegi, Altzo, Tolosa, Ibarra, Anoeta, Irura, Asteasu, Zizurkil, Amasa-Villabona, Aduna eta Andoaingo ur zikina jasoko du Adunako araztegiak, hau da, gutxi gorabehera 95.000 pertsonek sortzen duten ur zikina. Dagoeneko hasiak dira lehen lanak: “Araztegia Iberdrolaren subestazio baten ondoan egingo da eta etorkizunean arazorik egon ez dadin, beharrezkoa da linea elektrikoak mugitzea. Mugitzeaz gain, kableak lur azpitik pasatzea erabaki da eta lan horiek egiten ari gara orain. Araztegia bera eraikitzeko lanen xedapena hilabete barru egitea espero dugu”, azaldu du Foru Aldundiko Garapen Iraunkorreko departamentuko kide Elena Agirrek.
Villabonako lanak
Adunan bertan egiten ari diren lan horiez gain, eskualdeko beste hainbat tokitan ere ikusten da lur mugimendurik: “Villabonako errotondan egiten ari diren lanak araztegirako izango dira. Ur zikina araztegiraino bideratuko duten tuberiak edo kolektoreak jartzen ari dira. Makina berezien bidez 1,2 metroko diametroko mikrotunela egiten ari dira sakonera handian. Orain Villabonan egiten ari diren lan hori bera beste zazpi puntutan ere egingo dute araztegia egongo den gunera iritsi arte. Gune horretan, 15 metroko sakoneran izango da mikrotunela”, azaldu du. Herritarren ikusmina piztu du egunotan Villabonan ikusi ahal izan diren makina bereziek.
2010ean jarriko da martxan Adunako araztegia. Guztira, 3,5 hektareako azalera hartuko du, hau da, lau futbol zelai handik adina. “Bi prozesu ezberdin jarriko dira martxan ur zikina guztiz garbitzeko. Lehendabizikoan, urak dakartzan elementu solidoak baztertuko dituzte teknika fisikoak erabiliz. Bigarrengoan aldiz, prozesu biologikoak erabiliko dituzte urari materia organikoa, nitrogenoa eta fosforoa kentzeko. Modu horretan, Oria ibaira itzuliko den ura guztiz garbia izango da”, dio Agirrek.
Eguraldi lehorra denean 325 litro ur zikin garbituko ditu araztegiak segunduro: “Euria egiten duenean berriz, euri ura eta ur zikina batera iristen dira. Kasu horietan lehen prozesutik bakarrik pasa arazten da ura, ez delako horren zikina iristen. Horrelakoetan segunduko 1.500 litro pasatzen dira araztegitik”.
Hondakinak, zabortegira
“Ura garbitu ondoren sortzen diren hondakinek ere tratamendu bat izaten dute. Buztin moduko hondakinak ateratzen dira eta haiek ondo estabilizatu eta deshidratatu ondoren, zabortegietara eramateko moduan geratzen dira”, azaldu du Agirrek.
Adunakoa martxan jarritakoan, bederatzi araztegi handi egongo dira Gipuzkoan. Horietako sei dagoeneko martxan daude eta beste bi eraikitzen ari dira. 2008ko udaberrian hasiko dira Adunako araztegia eraikitzeko lanak eta 20 hilabeteko tartea beharko dutela aurreikusi dute. 17,6 milioi euroko aurrekontua izango dute lanek.