Pelota elkarteekin alderatuta, zertan ezberdintzen zarete?
Andoni Alvarez: Hamabost urtetik gora ez zeuden pilotari nahikoak entrenamendu saio onak egiteko. Ondorioz, lehen Añorgara edo beste herrietara joateko nahiko ohitura zegoen. Eskualdeko maila onena duten pilotariak elkartu ditugu eta hartara, kalitatezko entrenamendu saioak dituzte.
Entrenamendu saio horiek non izaten dira?
A.A.: Andoainen eta Urnietan. Irizpide bakarra, frontoiak libre egotea izan da. Bide batez udal horiei eta bi pilota eskolei proiektuarekiko izan duten jarrera eskertu nahi diegu. Gainerako udalak ere gure egitasmoa kontuan izatera animatzen ditugu.
Interesatua dagoen pilotariak zer egin beharko luke zuengana zuzentzeko?
Oier Mendizabal: Oraingoz behintzat, klub horietako kide izan behar du pilotariak. Froga bat egiten da, pilotan zenbat joka dezaketen ikusi edota haien interesa ikusteko.
A.A.: Gure eta elkarteetako ordezkarien artean erabakitzen da zeintzuk parte hartzen duten. Sei edo zortzi kidez osatutako taldeak dira, talde txikiak.
Mikel Sagardia: Talde handiagoak izan ditugu udan, deialdia ireki baitugu edonork parte hartu dezan.
Zenbat pilotarirekin ari zarete lanean?
M.S.: Hiru kategoriatan guztira 22 pilotari; zazpi kadete, zortzi jubenil eta zazpi afizionatu.
Zein da jasotzen duten prestakuntza?
O.M.: Pilotariek dituzten gabezien inguruan antolatzen ditugu entrenamendu saioak. Ariketak egiten ditugu, keinuak landu, zer nolako gabeziak dituzten ikusi eta horiek landu…
Saio askoz pertsonalizatuagoak dira.
M.S.: Beste balore batzuk irakasten ditugu. Haiekin hitz egin, frontoian jarrerak landu, lagun artean ondo moldatzea. Kirol heziketa alegia.
Aurrera begira, egitasmoa zabaldu nahi zenukete?
O.M.: Gure helburua ez da masifikazioa, teknifikazioa eta kalitatea baizik. Klubek egiten duten lanaren osagarri izatea. Ekimenak aurrera egiteko oinarri sendoak behar ditu.
A.A.: Pilota elkarteek izan behar dute lehentasuna frontoian, baina gero gu izatea nahiko genuke. Ordu duinak izateko eskubidea dugula uste dut. Horretan badugu hobetzeko aukera. Denek egitasmoa begi onez ikusten dutela diote, baina gero jarrera hori gauzatu egin behar da ekintzetan eta laguntzeko garaian. Oinarri sendoak jarri behar ditugu eta horretarako erakundeen inplikazioa behar da.