Denboraldia hasteko emanaldi bikoitza.
Mikel Unzurrunzaga: Biak dira euskal talde ezagunak, ez hemen bakarrik baita Euskal Herritik kanpo ere. Katalunian adibidez, arrakasta handia dute. Anarik iazko ikasturtean jo behar zuen, baina azken unean gaixotu eta ezin izan genuen kontzertua antolatu. Horregatik aurten berarekin hasi nahi genuen. Lisabö taldekoek lan berria dute, zoragarria. Hirugarren denboraldia hasteko kartel oso egokia da.
Zer aldaketa dakartza denboraldi honek?
M.U.: Berrikuntza bezala, aurten kontzertu eguna larunbatetik ostiralera aldatzea erabaki dugu. Normalean larunbatetan jendeak bere planak ditu. Horregatik proba egin nahi dugu ostiraletan. Jendearen erantzuna ikusi behar.
Urnietarren musika zaletasunak nolakoak dira?
M.U.: Argi eta garbi rock-a, rock indartsu zaleak dira. Saroben jada hamabost gau egin ditugu, zeinetan hogei taldeek jo duten.
Beti premisa euskal taldeei bultzatzea dela esaten dugu; Sorkun, Ruper Ordorika, Kuraia…
Talde asko. Horien guztien artean, herrian arrasto berezia utzi duen talderen bat ba al da?
M.U.: Materia taldeak Erasorekin jo zuenean. Hura festa polita izan zen. Herriko talde bat izanda, beti erakargarriagoa izaten da. Hasieran taldeei deitzeaz arduratzen nintzen, baina egia da orain lortu dugula hainbat talde gurekin harremanetan jartzea. Antolatzen dugunok, jendeari nahi duena eman behar diogu.
Kontzertua ikustera joaten garenean, askotan ez dugu ikusten hori antolatzeak atzean zenbat lan duen?
M.U.: Faktore asko hartu behar dira kontuan; taldeak, kontzertu egun egokia bilatzea… Bestalde, azken urteetan, eszena musikala gora doa, baina aretoen eszena behera eta gehienek atzerriko taldeen aldeko apustua egiten dute. Geroz eta gaztetxe gutxiago dago, lehen taberna gehiago ausartzen zen kontzertuak antolatzera. Gaur egun ez hainbeste, traba gehiago baitago doinu aldetik, lizentzia aldetik.
Guk argi genuen hasieratik Euskal Herriko musika bultzatu nahi genuela.
Gelditu al zaizue ekarri nahi baina ezin izan duzuen talderen bat?
M.U.: Ez pentsa. Zentzu horretan nahiko zortea izan dut. Egia da Saroben hasi baino lehen, Getarian nengoela hiru urteetan berrehunetik gora talde pasa ziren. Filosofia bera zen, euskal taldeena. Horrek asko balio izan dit, hainbat talderekin harremana izateko. Han pasa ziren talderik erakargarrienak hona ekartzen saiatzen naiz.
Antolatze lan horretan, zure musika ibilbideak asko lagundu dizu?
M.U.: Betidanik melomano hutsa izan naiz. Hobbytik lanerako pausoa oso zaila izan zen bere garaian, baina orain oso pozik nago. Antolakuntza lanetan ez, baina konposatzaile gisa, finkatuagoak ditut nire gustuko lehentasunak. Beltz musikan oinarritutako hainbat estilo; jazzatik funkyra, reggaetik soulera… Nire antolakuntza lanean ezin dut soinu horietara mugatu, minoritarioak baitira Euskal Herrian. Bi gauza ezberdin daude; batetik,
nire ibilbide musikala, pertsonala eta bestetik, antolakuntzarena. Gaztea irratian saio bat egiteko aukera dut,eta Euskadi Irratian kolaborazio txikiak.
Mota guztietako musika entzuten dut, belarri zabalak eta irekiak ditut.
Zerk asebetetzen zaitu gehien?
M.U.: Gauza bakarrean zentratuko banintz, aspertuko nintzateke. Indar eta animo gehiagorekin hilean kontzertu bakarra antolatuta. Baina egia da erosoen, estudioan nire musika egiten aurkitzen naizela. Nire benetako pasioa da.
Gonbidapena urnietarrei.
M.U.: Askotan diot jendeak gogoa duela taldeak ikusteko, zaletua delako edo taldea entzun duelako irratian. Herriko jendea animatu dadila. Taldeak oso ondo ezagutu ez arren, Sarobera hurbildu daitezela. Azken finean, herri guztiek ez dute horrelako eskaintza.
JARRI MUSIKA…
Mendi tontorrean...
Irrintzia.
Parrandan...
Punk rocka, eta hip hop-a.
Isla galdu batean...
Reggae-a.
Atseden hartzeko...
Jazz-a.
Autoan...
Nire kantuak edota irratia.
Musikarik ez…
Inoiz ez.
SAROBE KONTZERTUAK
Sarrera: 6 euro. “Papera” edo flyerra lortuta, 5 eurotan. (Flyerra: kontzertuaren informazio orria tabernatan eskuratuz gero, euro batean merkatzen du sarrera).