Antolatzaileek herri gunea eta inguruak ezagutzeko aukera bikaina eskaintzen duen ibilbidea prestatu dute. Zazpi gune izango ditu eta haietako bakoitzean kirol ekitaldiak, musika, haur jolas edota dantza saioekin tartekatuko dira. Musika eskaintza oso zabala da; rock eta dantza taldeez gain, Erriberako joterak, Nafarroako albokalariak… Egun osoan zehar, produktuen dastaketan parte hartu ahal izango da. Aspertzeko betarik ez, beraz.
ANDOAINGO TALDEAK BERTAN
Aspaldikoa da Andoain eta Viana herrien artean dauden loturak. Hainbat herritar aritu dira edo ari dira Erentzun ikastolan lanean. Igande honetan, agerian geratuko da bi herrien arteko hartu eman estua. Urki dantza taldeko kideak eta Xingola abesbatzako partaideak bertan izango dira. Ibilbideko lehen gunean, Erentzun ikastolan bertan. 12:30etan eskainiko dute Urki taldekoek dantza saioa. Ordubete geroago, abesbatzakoen txanda izango da.
LAGUNTZARAKO DEIA
Ikastolen aldeko festa egun handirako kanpoko laguntza beharrean dira Vianan. Deialdia egin nahi diete andoaindarrei, bertara joateaz gain, laguntza eskain dezaten. Eguneko lehen orduetan jaiaz gozatu ostean, 15:00-19:30 artean txosna batean lan egitea proposatzen da. Laguntzeko prest dauden bolondresek izena emateko honako telefono zenbaki honetara dei dezakete: 627 441 603.
Bertara iristeko betiko gomendioa izan ohi da, ahal den neurrian autoa etxean utzi eta autobusez gerturatzea. Informazio gehiago www.nafarroainez.-net atarian aurki daiteke. Vianan guztia prest dute, igandean milaka euskaltzale hartzeko.
:::ELKARRIZKETA:::
Fultxo Crespo, Erentzungo irakaslea: “Eraikin berri baten premi larria dugu”
Azken prestaketatan murgilduta egongo zarete honez gero?
Fultxo Crespo: Pasa den asteburuan topera ibili ginen. Guneetako tabernak ikus daitezke, aparkalekuak jarrita daude. Aipatzekoa da kanpotik jaso dugun laguntza; Iruñeatik, Tafallatik edota Lizarratik etorritako jendea. Orain berriz, azken ukituak baino ez zaizkigu geratzen. Tabernak hornitzea, kartelak jartzea... Komunikazio taldeko kide naizen aldetik, asteazkenean prentsaurrekoa eskaini genuen. Bestalde, itxaropentsu gaude, eguraldi ona egingo omen du eta. Hogei gradutik gorako tenperatura izatea espero da.
“Giltza daukagu” dio abestiak. Zer esanahi du giltzak?
F.C.: Bizi garen muga honetan euskalduntzeko giltza ikastolak du. Euskararen giltza beraz, baina baita euskal kulturarena ere. Alor hori ere askok ikastolan ezagutu baitute. Eta ikastola garen neurrian, kalitatezko hezkuntza eskaintzearen giltza.
Horretarako bildu nahi duzue laguntza?
F.C.: Eraikin berri bat egin eta duguna konpondu, aldatu eta handitu nahi dugu. Premia larria da. Batek dioen bezala, ikasleak jangelara doazenean liburu bat hartzera doaz, jangela liburutegia bera baita. Hain zuzen, gela guztiak beteta ditugu, espazio falta dugu. Hori dela eta, igande honetan jasotako laguntzarekin 0-3 urteko ziklorako eraikin berria egin nahi dugu, baita frontoi bat ere. Viana herri haizetsua baita, eguzkitsua baina baita oso hotza ere negu partean.
Noiz hasi zarete jaia antolatzen?
F.C.: Duela hiru urte, eta lanak duela bi urte hasi ziren. 1992ko Nafarroa Oinezen kasuan, aldiz, jakinarazpena aurreko gabonetan izan genuen.
Hain zuzen, Vianan bigarrenez ospatzen da ikastolen jaia. Zer nolako bilakaera izan du euskarak?
F.C.: Garai hartan euskara ez zen ia existitzen. Gaur egun jada berrehun ikasle pasa dira ikastolatik. Askotan euskarak Nafarroan bizi duen egoeraz hitz egitean nahiko ezkorrak izaten gara. Baina 3.600 biztanleko herri batean berrehunek euskara jakitea ez da gutxi.
Gainera haien hurrengo belaunaldia ikastolara etorriko dela berma dezakegu. Horri guztiari ikastolaren inguruan dabiltzan gurasoak gehitu behar zaizkie. Udalari dagokionez, euskararen aldeko keinu txiki batzuk baino ez dituzte; jai egitaraua euskaratzea adibidez.
Hala ere oraindik familia batzuentzat gizarte presio txiki bat bada, seme-alabak ikastolara ez ekartzeko. Aurrera goaz, baina kristoren esfortzua eginez. Gogorra da.
Andoainekin lotura berezia sortu duzue...
F.C.: Ikastolan hiru irakasle gaude. Aitor Zenarruzabeitia Logroñora bizitzera joan zenean, bere senitarteko bat jada hemen ari zen lanean. Haien bidez, karrera amaitu eta Vianara joan nintzen. 1992ko Nafarroa Oinezen koordinatzaile bat behar zen eta Gabino Agudo izan zen. Bestalde, Maite Otero orduko hartan ordezkapen bat egitera etorri zen. Ordutik ere hainbat adiskidetze izan da Viana eta Andoain artean. Urtero, uda partean lauzpabost familia uda pasatzera etortzen dira. Hemen dabil lanean Villabonako Maite Santidrian ere.
Igandean ere bi herrien arteko lotura agerian geratuko da?
F.C.: Jendea etor dadila. Gainera herria bera ezagutzeko parada izango du. Oso herri historikoa da. Azkenik, eskertu andoaindarrek igandean izango duten parte hartzea.