Agintaldiaz zer esan daiteke?
Gabino Agudo: Denbora gutxi daramagu. Ekainaren erdialdera kargu hartze ekitaldia izan zen eta berehala Sanjuanak. Uztailan Gobernu taldea osatu zen eta batzorde batzuk besterik ez ziren martxan jarri. Abuztuko oporraldiaren ostean hasi da, beraz, agintaldi berria. Agintean dagoen lantaldea aurreko bera da, pertsona berdinekin osatua.
Alde horretatik aurreko agintaldiaren jarraipena da. Aldaketa bakarra gobernuaren osaketan eman da, Ezker Batua alderdia sartu baita PPren ordez. Oraingoz, diferentzia handirik ez dugu topatzen.
Eusko Alkartasuna bi zinegotzi izatetik bakarra izatera pasa da. Bakardadean zaudela esan daiteke?
G.A.: Bakarrik nagoela ezin esan. Udalgintzan aritzeko bakarrik nago, bai, eta nire lana biderkatu egin da. Udalbatzetan bakarrik nago bai baina, bestela, alderdikideen laguntza osoa daukat.
Gehiengo osoa duen gobernu taldean egon gabe, zer egin daiteke?
G.A.: Horretan esperientzia badugu, oposizioan aritu garelako aurreko agintaldietan. Gobernuaren proposamenak aztertu eta geureak egitea da zeregin nagusiena. Egun hauetan, zehazki, datorren urteko zergak erabakitzeko bileretan gabiltza. Ogasun Batzordean hainbat proposamen mahaigaineratu ditut. Ikusi behar alkatetzan daudenek zein jarrera erakusten duten.
Bestalde herritarren eta herri eragileen kezkak jaso eta Udalera helarazten saiatzen gara.
Agintaldi berri honetan hitzartu den PSE-IU hitzarmenaz zer esan dezake EAk?
G.A.: Agintaldi hasiera honetan diferentzia handirik ez da somatzen. Ezker Batuako Sergio Barreiro berria da udalgintzako lanetan eta horrelako ardurarekin. Denbora tarte txikian ikusiko da zein desberdintasun dauden aurreko eta oraingo Gobernu Batzordeen artean. Aurrekontuak, Arau ordezkatzaileak... gai potolo horietan diferentziak ikustea espero dut.
PP alderdia, berriz, gobernukide izatetik oposiziora igaro da...
G.A.: Gobernuan edo oposizioan egon, antzeko jokabidea somatzen dut nik. Errespetu handia diote alderdi sozialistari. Eguneroko jarduera ikustea besterik ez dago. Oraingoz eragozpen handirik ez dio jartzen Udal gobernu berriari.
Aurreko legealditik datorren aurrekontua eta programa indarrean dagoenez, PPrengan jarrera beretsua somatzen dugu.
Aurreko batzarraldian Ikurren Legeak zeresana eman zuen. Zein da zuen ikuspegia?
G.A.: Alkateak, Udal idazkariak egindako txostena kontutan hartuz, PPk aurkeztutako mozioa aztergaien zerrendatik kendu zuen. Gure ikuspuntua oso garbia da: horrelako gaiek krispazioa areagotzen duten. Aurreko batzarraldian ordezkari politikoen artean sortu zen ika-mika ikustea besterik ez dago.
Agian krispazioa areagotzea helburu du PPk. Beharbada hori da popularren helburuetakoa. Haiek aurkeztutako mozioa irakurri eta berehala gogora ekarri nuen PPren kontraesan handia. Aurreko agintaldian Udal gobernuan egon zen bitartean ez zuen Andoainen horrelako proposamenik egin. Eta, aldiz, Foru Aldundian, Espainiako Banderaren inguruko aldarrikapena aurkeztu zuen. Gauzak horrela, garai hartan zergatik ez zuen Andoainen mozioa aurkeztu? Eta zergatik orain bai? Hori al da andoaindarroi kezkatzen gaituen gaia? Ez al dago arazo garrantzitsuagorik?
Goitik behera aldatuko nuke popularren jokabidea. Goazen, behingoz, gatazka konpontzeko urratsetan sakontzea.
Aralar alderdiaren eserlekua hutsik dago, berriz.
G.A.: Egunerokoan eragin handirik ez du. Errespetu osoa diogu Aralarren erabakiari eta udal hautetsiari. Haiek erabaki dute zer egin, informazio handirik ez dugu eta, dirudienez, agintaldi osoan hutsik izango da Aralar alderdiari dagokion eserlekua.
Andoaingo ANVrekin zein harreman duzue?
G.A.: Harremanik ez dugula esan behar dugu. Agintaldi hasieran idatzia jaso genuen eta telefono bidez harremanetan izan gara. Inpresio trukaketa izan da bi alderdietako buruzagien artean. Gurekin biltzekoak ziren irailaren erdialdean baina bilkura hori egiteko ez dute deitu. Ez nau gehiegi harritzen, egoera politikoa nola dagoen ikusita.
Ezker abertzaleak udalgintzan aritzeko erakutsi duen borondateaz zer esan dezakezu?
G.A.: Positiboa da, ez dakidana da nola gauzatu behar den hori. Bakoitzak duen indarra kontutan hartu behar da eta gurea, zoritxarrez, oso mugatua da. Ardura badugu baina agintean dagoen alderdiak ere zeresan handia dauka gai honetan.
Jeltzaleekin zer nolako harremana duzue? Elkarlanean zabiltzate?
G.A.: Elkarren arteko harremana oso ona da, oposaketan gaude batzuk eta besteak. Koalizioan aurkeztu ginen nahiz eta ondoren bi taldetan banatu. Elkarlanean gabiltzala esatea gehiegitxo da baina sintonia handia dago haien eta gure artean.
Zein egitasmo zehatz burutu nahiko zenukete agintaldi berrian?
G.A.: Programa zehatzarekin aurkeztu ginen eta hori aurrera eramaten saiatuko gara. Baina, lehen esan bezala, gure indarra eta eraginkortasun maila oso mugatua da.