Ospakizunekin baino, Musika Bandak egitasmo berriekin iritsi nahi du heldutasunera. Dagoeneko hamar urte dira Andoaingo Udal Musika Banda sortu zela eta gogoangarria izango den emanaldia eskaini nahi diote Andoaingo herriari, Oskorri taldearekin batera. Egitasmoa ez da nolanahikoa, Euskal musikak eman duen talderik onenetarikoarekin batera taulagainean aritzea ohorea izateaz gain, ardura handia baita. Nahiz eta hilabete batzu falta diren oraindik, hastear dira emanaldia prestatzen.
Zuzendari orde aritu eta gero Bandaren ardura hartu berri du Mikel Emezabalek.
Nolakoak izaten ari dira lehen egunak zuzendari moduan?
Mikel Emezabal. Ilusio handiarekin nago. Funtzionamendu aldetik haize berria eman nahi diogu Bandari, eta gustura nago.
Hamar urtez lanean aritu den Unai Gastonen lekukoa hartu duzu...
Mikel Emezabal. Banda berarekin hasi zen eta lan garrantzitsua egin du hamar urtez, bai errepertorio aldetik eta baita talde lana eginez ere bai.
Erronka berriak dituzue zain, urterik garrantzitsuena izango al da Bandarentzat?
Mikel Emezabal. Beharbada bai, erronkarik handienak izango ditugu aurten. Musika Bandak eta Oskorri taldeak elkarrekin kontzertua eskainiko dugu, baina ez da egitasmo bakarra izango.
Andoaingo musikarekin CD bat grabatu nahi dugu, egin den musikaren konpilazioa.
Lan aldetik, urterik indartsuena izango da ziurrenik. Ez da ahaztu behar ohiko emanaldiak ere eskaini behar ditugula, Santa Zeziliakoa adibidez.
Partaideen aldetik konpromiso handia behar da honi guztiari erantzuteko, ez al da horrela?
Mikel Emezabal. Horrelako lanetan zailena eta gogorrena astero-astero hutsik egin gabe entseatzen aritzea da. Taldearen ideia funtsezkoa da, talde batek bere kide guztiak behar dituelako aurrera egiteko.
Konpromiso horri erantzutea gogorra da, gure ordutegia ez baita oso ohikoa. Ostiralero biltzen gara gaueko zortziretatik hamarretara. Kontutan hartu, gainera, negua datorrela...
Zein izango da Bandaren etorkizuna?
Mikel Emezabal. Aurtengorako planak egin ditugu eta orain aurrera atera behar ditugu. Hurrengo urteetarako egitasmo berriak izango dira. Bandarekin kanpora atera nahiko genuke...
Urte batzuetarako zuzendaria badu, beraz, Musika Bandak.
Mikel Emezabal. Espero dut baietz. Ea dena ondo joaten den.