Gipuzkoako futbol adituen artean bat baino gehiago harriturik izango da Preferente mailako sailkapenari erreparatuta igo berria den Andoaingo Euskalduna onenen artean aurkitzean.
Lana gogotik egiten ari dira, hori omen da sekretua. Jokalariak jokabiderik onerarekin ari direla dio Joxerra Bengoetxea entrenatzaileak. Lehen unetik burubelarri aritzen dira lehian eta lanak fruituak ekarri ditu. “Oso ondo hasi dugu denboraldia. Egia esan behar bada, gure helburua mailari eustea da. Preferente mailan ilusioz ekin diogu eta entrenamendu saioak onak izaten ari dira. Bataz beste, 20-25 jokalari datozelako. Lan saioetan bezala, asteburuetan ere ondo lehiatzen ari gara”.
Zeregina ez da batere erraza, ligako talde guztien artean berdintasuna nagusi baita. Hori uste du entrenatzaileak, “Gu baino hobeak diren taldeak ez ditut ikusi baina gu baino okerragoak ere ez. Hobeto jokatzen duten taldeak egon badira, baina jokoa ez da dena eta irabazten jakin beharra dago. Horregatik oso pozik gaude. Partida hauetan txikikeria batek alda dezake azken emaitza. Gauzak ondo doazela ikusita, moral handia hartu dugu. Denboraldi hasiera hau oso garrantzitsua da, bildutako puntuak lasaitasuna ematen digutelako denboraldi luzea lasaiago igarotzeko”. Lan asko dago egiteko baina dagoeneko aurkarien errespetua irabazi dute. Ez da gutxi.