EAJk mozioa aurkeztuko du hondakinen harira

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2007ko urr. 11a, 16:13

Hondakinen gaiari lotuta, hurrengo udal batzarraldirako Urnietako EAJ-k mozio bat aurkeztuko duela jakinarazi zuten bozemaile Maribel Vaquerok eta zinegotzi Miren Martiarenak urriaren 9an eskaini zuten prentsaurrekoan.

Kontsentsurako dei egiten dute. San Markos Mankomunitateak eta Partzuergoak hartu beharreko neurri eta erabakietan bi erakundeek bat egitea alegia. Bestalde, Mankomunitateko arduradun berriek orain arteko adostasunak betetzea eta azkenik, Urnietako Udalak udalerriko lurretan zabortegi berririk ez irekitzea eskatzen dute.

Mankomunitateko ordezkari talde berriak hartu ditzakeen erabakien berri ez izateak edota aurreko legegintzaldian hartutako konpromisoak beteko dituzten ez jakiteak bultzatu ditu mozioa aurkeztera. “Urnietako hondakinekin zer gertatuko da?”,  zen planteatzen zuten galderetako bat. Ordezkari berriek bestelako planteamenduak badituzte horiek ezagutaraztea nahi dute.

Pasa den hauteskundeetako emaitzak San Markoseko Mankomunitatearen osaeran ez direla islatzen adierazteaz gain, ordezkari talde berria ardura guztia gainerako mankomunitateengan uzten ari direla gaitzetsi zuten. Hori dela eta, gainerako mankomunitateekin zeuden akordioak betetzea nahi dute. Arazo honi irtenbide bat aurkitzerakoan berriz, argi ikusten dute zeintzuk diren dauden bi aukerak; errausgailua edo zabortegia. Aipatutako puntuak argitzearekin batera uztaila eta iraileko plenoetan egindako eskaera bera luzatu zuten berriz ere. Vaqueroren esanetan, “azken bi hilabeteetan egin bezala, Udaleko batzorde informatzaileak egitea eskatzen dugu”.


AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!