Bideo eskola, euskararen bidean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2007ko urr. 11a, 16:12

Zine eta Bideo Eskola, urratsez urrats euskalduntzen ari da. Azken bi urteetan Errealizazio ikasketak euskaldundu dituzte. Baita barne funtzionamendua eta kanpo harremanak ere. Irakasle Ainhoa Aiartza andoaindarrak xehetasun gehiago eskaintzen ditu.

Zer da zehazki euskararen inguruan jarri duzuen ekimena?
Ainhoa Aiartza:
Azken urteetan, gazte gehienak ikastolatik pasa eta 18 urte bitartean ikasketak euskaraz burutzen dituzte. Hainbat irakasle erdaldunak izan arren, ikasle euskaldunen kopurua handitzen joan da. Hori dela eta, duela bi urte apustu bat egin zuen eskolak.

Ikasturtetik ikasturtera zeintzuk izan dira eman dituzuen pausoak?
A.A.:
Hasieran egin beharreko lana asko da; materialik ez dago, dena osatu beharra dago. Erdarazko eta ingeleseko materiala lagungarria izan zaigu. Ez ginen hasi ikasturte hasieratik ikasgai guztiak euskaraz eskaintzen. Mailaz maila joan ginen, egunez eguneko lana euskaratzen. Hamaika ikasgai genituen eta bi irakasle bakarrik hasi ginen. Aurten, hirugarren urtea izanda, jada oinarri bat euskaraz dugu. Hiztegi tekniko bat ere osatu da. Baita eskolaren kanpo harremanak eta barne funtzionamendua euskaldundu ere.

Ikasleek nola baloratzen dituzte aldaketa horiek guztiak?
A.A.:
Ikasle ohi batzuekin hizketan, poza agertzen dute aldaketen aurrean, baina pena haiei lehenago egokitu ez izanagatik. Hain zuzen, 18 urte arte euskaraz ikasi eta gero, erdarara pasa beharra batzuei kosta egiten zaie eta.

Horrelakoetan, bidean gainditu beharreko oztopo asko izaten da?
A.A.:
Oztopo handiena hutsetik hasi ginela izan zen. Berehalako erantzuna eman beharra zegoen. Gure helburua egunez egunekoa eta astekoa betetzea zen. Horregatik, gure oztopo handiena denbora zen. Gero, euskaratzeko garaian erreferentziak baziren, baina bati galdetu eta batek gauza bat esaten zizun, besteak beste zerbait. Erabaki bat hartu beharra zegoen. Gure buruko mina; itzulpen zehatza zein zen erabakitzea.

Euskaraz ikasi, euskaraz lan egiteko. Baina zer puntutaraino betetzen da hori?
A.A.:
Denetatik dago. Euskal Herri mailan ekoizle asko dago. Produktora txikiak, herri edo eskualde mailako telebistak. ETB da guretzat eta ikasle askorentzat erreferentzia nagusia. Bertan hemengo jende asko dago. Baina oraindik lan merkatua euskalduna baino erdaldunagoa da.

Hemendik aurrera, zeintzuk dira eman nahi zenituzketen pausoak?
A.A.:
Nire iritziz, ezin da bukatutzat eman. Bost ziklo ematen dira hemen eta hau guztia egonkortzen dela ikusten denean, eskolaren erabakia beste zikloren bat euskaratzea izan daiteke. Euskarakooi oraindik bide luzea geratzen zaigu. Bestalde, osatu den materialarekin liburuak egitea, oraingoz planteatu ez den baina agian gerora egin daitekeen zerbait da. Egindako lan guztia bazterrean gelditu ez dadin.

Azaroan, Irudi Party
Zinemaldia, labur metraien grabaketak, eskolen arteko topaketak, produktoretara bisitaldiak… Andoaingo Zine eta Bideo Eskolak ekintza askotan parte hartzen du. Dagoeneko gertu dute, beste hitzordu bat. Azaroaren 1etik 3ra artean Donostiako Tabacaleran ospatuko den Irudi Party ekimena. Ikus-entzunezkoen alorreko ekitaldi ugari izango da bertan: bideo edota argazki rallyak, irrati tailerra, erakusketak…
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!