Kezka Michelin lantegiaz emandako albisteen harira

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2007ko urr. 11a, 16:10

Michelingo jabeen plana salatzeko manifestazioa egingo da urriaren 20an, Lasarte-Orian. Michelinek prestatu duen planarekin, langilegoa erdira murriztuko dela aipatu du gaur Enpresa Batzordeak. Noaua agerkari digitalean agertzen denez, Lasarte-Oriako kultur etxean eskaini duten prentsaurrekoan ELA eta LABeko ordezkari bana izan dira bozeramaleak eta hiru dira azaldu dituzten argudioak: lanpostu galeren salaketa egin dute, batetik. Etorkizunari begira, Michelinen egitasmoen inguruan kezkatuta azaltzen dira, bestetik, langilegoa erdira murriztuko baita.

Eta azkenik, Michelinek agindu dituen inbertsioak handitzea eta gauzatzea exijitu du gaur Enpresa Batzordeak. Datozen egunetan, mozio bana aurkeztuko dituzte Lasarte-Oriako eta Usurbilgo udaletxeetan. Urriaren 20an Lasarte-Orian egingo den manifestaziora joateko deia egin dute.

Donostialdeko eta Beterri-Buruntzako herritarren artean sekulako oiartzuna izan du aurreko astean Michelin multinazionalak emandako albistea.Hartu duten erabakiaren arabera, Lasarteko lantegian ehunka lanpostu gutxigorekin aritu nahi dute etorkizunean. Langilego osoa kontutan hartzen badugu, iragarritako neurriak hirutik bati eragiten dio. Buruzagiek aurrera eraman nahi duten berregituraketa planaren arabera, Lasarteko lantegia izango da kaltetuena.
Berregituraketa hori horrela gauzatuko omen dute: 2008-2011 urte artean 61 urteko eta hortik gorakoak aurrez erretiratuko dituzte, eta gainerakoei eskaintza ez traumatikoak egingo dizkiete. Zehaztasun handiagoa ez dagoen bitartean, kezka handia da jubilatzeko adin tartetik urrun dauden langileen aldetik. Andoainen eta Urnietan bizi den langile askoren lanpostua epe erdira kolokan egon daiteke.


Albisteak ezustean harrapatu ditu langileak eta sindikatuetako ordezkari guztiak.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!