Txapelketa honetako beteranoetako bat da Jexux Mari Irazu. Urriaren 20an Azkoitian kantatuko du larrauldarrak
Uda saioz betea izango zenuen, zer moduz joan da? Jexux Mari Irazu: Bertsotara erabat jarrita egon naiz eta gustura aritu naiz. Saio mordoa egin ditut, gehienak jaialdiak baina baita bertso bazkari eta afariak ere. Pertsonalki oso gustura geratu naiz eta jende aldetik ere bai. Jende asko bildu da oro har. Eskualdera begira, Villabonan bertan larehun lagun inguru bildu ziren, Zizurkilen seirehundik gora izango ziren eta Larraulen bertan ere jende ugari bildu zen. Alde horretatik ere, oso gustura. Uda igaro eta txapelketa gainean. Erraz animatu al zara txapelketan parte hartzera? J.M.I: Otsailean eman genuen izena eta egia esan, orduan ez duzu burua txapelketan. Horrela, buruari eman genizkion buelta batzuk parte hartzea erabaki baino lehen. Txapelketak beti sortzen du kezka puntua baina baita irrika eta motibazio puntua ere. Aurten gainera, jende gazte ugari egoteak gehiago animatzen nau. Horrela, eman nuen izena eta orain gogoz nago zerbait polita egiteko.
Prestakuntzari dagokionean, udarako saioak baliagarriak dira? J.M.I:, Udarak balio du bertso gurpilari eragiten segitzeko. Baina beti esaten duguna da txapelketan beste gai mota batzuk indarra hartzen dutela, publikoak ere zerbait ezberdina nahi du… Orain horretarako prestatzen egin beharko dugu ahalegina.
Orain arteko lehiari begira, jendearen arreta behintzat lortu du, ezta? J.M.I: Orain arte sailkapen fasea txapelketa aurre bat bezala izaten zen baina oraingoan hasieratik dago txapelketako giroa eta jendea ere erruz ari da hurbiltzen. Lehen asteburuan 850 pertsona inguru bildu ziren eta bigarrenean oraindik gehiago. Bertso mailari dagokionean ere, lehen saioetan maila ona egon dela esango nuke.
Zure helburua, finala? J.M.I: Finala bai, baina pixkanaka joan behar da. Urriaren 20ko final laurdena bera saio gogorra da. Gurrutxaga, Rezola, Sukia… ederki erakutsia dute bertsotan badakitela. Hasieratik indartsu hasten saiatu beharko dut. Txapelketan sorpresak izatea ez da sorpresa jada, eta ustez goian zeuden batzuk eroriko dira oraingoan ere. Horregatik, pixkanaka joan nahi dut eta batez ere bertsotan gustora egin nahi nuke, neure buruarekin pozik geratuz. Hori lortzen badut sailkapenean ere hor nonbait izango naiz.
Gipuzkoako txapelketa oro har, nola ikusten duzu? J.M.I: Oso ondo ikusten dut. Oinarria erakustea da mezua eta elkartea lan asko ari da egiten oinarri horri begira. Epaile berriak, gai jartzaile berriak, bertsolari mordo bat… oinarriaren erakusle dira. Apustu hori inbertsio bat da, aurrera begirako egin beharreko lana zen. Ondo gaudela pentsatuz lan hori ez egitea akatsa da, eta Gipuzkoan lehen ere gertatu zitzaigun hori. Nahiko nukeena da txapelketa honetan jendeak arreta ez dezala soilik lehian jarri, txapelketa horrek inguruan duen proiektu guztian baizik.
Maialenek ez du parte hartuko, zuen belaunaldikoak txapelketarekin aspertzen hasi al zarete? J.M.I: Egia da txapelketa batzuk pasa ditugula. Ez da nire kasua bina nire belaunaldiko gehienak eskolartean hasi eta gaur arte txapelketaz txapelketa joan dira. Maialenek ziurrenik pentsatu du azkenaldian asko eman duela eta agian txapelketatik kanpo beste gauza hainbat probatu nahi ditu. Txapelketak energia asko xurgatzen du, hori ezin da ukatu. Ez da pentsatu behar hala ere, txapelketan batean parte ez hartzeak gerora ez duela parte hartuko esan nahi duenik. Nik uste dut ez zaiola aparteko bueltarik eman behar, txapelketak beti egingo dira parte hartzeko gogoz daudenekin eta animatzen direnekin.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!