Arriaga antzokian eta Bilboko Bandarekin batera eskainitako hiru kontzertu gogoangarrirekin hasi zituen “OSKORRI” taldeak bere 35. urteurrenaren ospakizunak. Kontzertuok, dagoeneko taldearen diskografiaren barruan ezinbesteko bilakatu den CDan editatu dira “OSKORRI BANDA BAND” izenburupean eta lan historikotzat hartua izan da gainera.
Ekitaldiokin eman dio euskal taldeak Euskal Herri osoan zeharreko emanaldi ibiltariari hasiera eta horren barruan Andoainen ere kontzertu bat eskaintzeko aukera eskaini dute, Udal Musika Eskolako Bandarekin batera. Emanaldia Martxoan izango da seguruenik eta, zalantzarik gabe, urrats berri bat da gure Bandaren heldutasun prozesuan.
Andoaingo Bandako musikariek ondo dakite “OSKORRI”-rekin batera jotzeak suposatzen duen ardura baina Andoaingo herri osoari eskaini nahi diote ekitaldi berezi hau aurten, Bandak 10 urte eta 50 kontzertu burutu dituen urtean eta, Mikel Emezabalen batutapean, zuzendaritza berriarekin aro berri bat zabaltzera doanean.
Nahiz eta hilabete batzu falta diren oraindik, egunotan hasi beharko dute emanaldia prestatzen, dagoeneko jaso bait dituzte dagozkien partiturak “OSKORRI”ren eskutik.
Asmo berri eta aukera berriak, zalantzarik gabe, bide berriak zabaltzen eta dedikazio osoz jardun nahi duen Musika Bandarentzat.