Villabonako eta Zizurkilgo Udalek euskara ikasteko antolatu dituzten ikastaroek erantzun ona izan dute. “Guztira 50 lagun inguruk eman du izena. Iazko taldeak bere horretan mantendu dira eta 0 mailako talde berri bat sortu da”, azaldu du Joxean Cubero euskara teknikariak. Txermingo ikastolan eta Zizurkilen emango dituzte eskolak. Etorkinei euskara ikasteko gonbidapen berezia luzatzen zitzaien bi Udaletatik eta ondo erantzun dutela agerikoa da.
Claudia Yolima Diaz
Duela zortzi hilabete etorri zen Claudia Kolonbiatik Villabonara. “Lanean ari naiz eta gustura nago, lana aurkitzea baitzen hona etortzeko lehen helburua. Hemengo bizimodu eta ohituretara egokitzen ari naiz orain”. Euskara ikastea oso garrantzitsua dela uste du. “Orain sei urteko alaba ekarriko dugu gugana. Ikastetxean euskaraz ikasiko du eta nik ere ikasi egin nahi dut. Bertako sentitu, herritarrekin hitz egin nahiz oharrak ulertzeko, bizi zaren lekuko hizkuntza jakitea ezinbestekoa da”. Euskal Herrira etorri aurretik euskararen inguruko aipamenen bat entzun zuen, “baina noski, nik ez dut batere ulertzen: ez ahozkoa eta ez idatzizkoa. Hitz solte batzuk dakizkit orain eta badakit -tx erabiltzen dela. Euskara ikasteko gogoz eta ilusioz nago; alabagatik batetik eta nire formazio pertsonalagatik bestetik”.
Bouchaib Benammi
Marokoarra da Bouchaib. Duela hamaika urte abiatu zen Tangerretik Espainiara. Hiru urte daramatza Euskal Herrian. “Etorri nintzenetik banuen euskara ikasteko gogoa baina, ez zen inolako diru-laguntzarik eskaintzen. Espainian bezala, hemen ere, hizkuntza ikasteko laguntzak beharrezkoak direla uste dut. Hitz solteak, oinarrizkoa dakit: Kaixo, arratsalde on, zer moduz…”. Zapata denda zabaldu berri dute kalean, “dendan bezeroei harrera egiteko ikasi nahi dut euskara. Gainera herrian integratzeko garrantzitsua dela uste dut”. Hizkuntza ikasteko baldintza garrantzitsuena barruan du Bouchaibek: gogoa. “Bihar bertan euskaraz hitz egitea gustatuko litzaidake”. Bereberea jakinda, agian errazago egingo zaio ikastea. “Euskal Herriko ohituretara egokituta nago, euskara ulertzea besterik ez zait falta”. Oraintxe du aukera.