Alfonbra gorrian luxuzko jantziekin ikusten ditugun izarrak dira zinemaldiko irudia, baina irudi hori gauza dadin, jende askok egiten du lan. Horietako hainbat andoaindarrak dira. Joxi Zubeldia “Txanpi” audio teknikariak esaterako, urteak daramatza zinemaldian lan eginez. “Zortzi bat urte izango dira lan honetan hasi nintzenetik. Orain, zuzeneko soinua da nire ardura, gala eta horrelako ekitaldietako soinua. Hasi ginenean, pixka bat denetik egin behar izaten genuen, baina gerora, gauzak egokitzen joan dira eta orain zuzeneko soinuaz arduratzen naiz batik bat. Beraz, aurten, irekiera gala, Donostia sarien galak eta amaierako galako ekitaldietako soinuaz arduratu naiz”. Zubeldia bezalako teknikariez gain, ikasle gazte ugarik lan egiten du zinemaldian. Horietako asko herriko zine eta bideo eskolako kideak dira. Eskolak emandako aukera baliatuz, oso lan ezberdinak egiten dituzte ikasle hauek: Aretoko laguntzaile, argi probetarako ordezko, dokumentaziorako langile, gazteen epaimahaiko kide edo filmen berrikusle, besteak beste. Arlo ezberdinetan lanean aritu diren gazteen iritziak jarraian.
Lan faltarik ez
Zinemaldiko lana ordu askokoa dela adierazi dute ikasleek eta Joxi Zubeldiak. “Zinemaldia hasterako planing-a oso markatuta egoten da, eta lana nahiko lotua da. Garrantzia ekitaldia ondo ateratzeak du eta berdin dio lorik egin gabe bazaude ere. Aurten gainera, Victoria Eugeniaren irekierak lan karga handiagoa ezarri digu”.
Lan asko izan arren gazteen epaimahiko kide izan den Adhara Ausserladscheider oso gustura dago. “Zabaltegi saileko filmak ikusten genituen batez ere, zuzendari berrienak. 350 bat pertsona ginen gazteen epaimahikoan eta oso esperientzia ona izan da. Guk epaimahaiko kide izanik, ikusten genituen filmeetako zuzendarien hitzaldiak izaten genituen gero, eta hori oso aberasgarria izan da. Batzuetan aktoreak ere etortzen ziren”. Adhara bezala, pozik agertu dira beste ikasleak ere. Sonia Alvarez aretoko laguntzaile izan da. “Ni zine areto ezberdinetan egoten nintzen eta aulkiak gorde behar nizkien aktore, zuzendari eta horrelakoei. Gero, akreditazioak zituztenak ere kontrolatu behar genituen, aretora sar zitezkeen edo ez erabakiz”. Agare Lopez berriz, argi probetarako ordezkoa izan da. “Gala aurretik aktore edo zinema zuzendarien papera egiten nuen. Hau da, gurekin begiratzen zuten argia, audioa eta gainontzekoak ondo zeudela eta benetako izarrak etortzean, entsaiatu besterik ez zuten egin behar”. Jonathan Floresek ostera, dokumentazio lana egin du. “Artxibo lana zen, produktorekin kontaktua mantendu, gutunak artxibatu…”. Filmak berrikusten aritu da azkenik, Ibon Uriondo. “Filmak eman aurretik berrikusi egiten genituen dena ondo zegoela ziurtatzeko”
Glamourraren atzetik
Zinemaldian lan egiteak jende ugari ezagutzeko aukera eman die ikasleei. “Horixe izan da interesgarriena”, adierazi du Alvarezek. “Akreditazioarekin festetara sartzen edo filmak ikusten uzten dizute”. Gehienek izan dute aukera filmak ikusi eta festa bat baino gehiagotan parte hartzeko. “Earth filmaren festan izan nintzen Aquarium-ean, oso ideia polita iruditu zitzaidan aquariumean festa egitea”, nabarmendu du Floresek.
Joxi Zubeldiak ordea, ez du glamour horren arrastorik sumatu. Zinemaldian soinuaren ardura izateak gainera, ez dio presio berezirik eragiten. “Zuzeneko batean beti duzu presioa, ordu jakin batean dena ondo joan dadin. Baina hori ekitaldi guztietan sumatzen dugu, lan egiten ari garen ekitaldi hori ondo ateratzeak beti ematen du presioa. Egia da zinemaldian jende gehiago dagoela eta beste komunikabide batzuei ere soinua eman behar diegula, Television Españolari edo ETBri esaterako. Baina, oro har, beste edozein lanen gisakoa da zinemaldikoa”. Kursaalean Victoria Eugenian baino errazago egiten du lan Zubeldiak.
“Kursaala oso balioanitza da, ondo komunikatuta dago nahiz eta areto asko eduki. Kursaalean errazago egiten dut lan. Egia da, ordea, azken urteetan bertan soilik aritu garela. Diseinu eskema nahiko onarekin dago eraikita eta gure lanerako errazagoa da.
Izar lurtiarrenak
Aurtengo zinemaldia azken urteetako onena izan dela esan du hainbatek. Zine eta bideo eskolako ikasleentzat ere, zinemaldiak hobera egin du. “Film komertzialak ekarri dituzte lehiaketatik kanpora baina, lehiaketan maila oso onari eutsiz. Modernizatu egin da zinemaldia”.“Euren jendaurreko lanaren ondorioz, aurpegi ezagun ugari ezagutzeko parada izan dute ikasleek. Inpresio ona utzi dietenen artean izen asko aipatu dituzte, Lisa Milano eta Javier Camara esaterako. Baina, batez ere Liv Ullman Donostia saria jaso zuen zinegile eta aktore suediarra nabarmendu dute. Agare Lopezek jakinarazi dunez, “gala aurretik entsaioa egin ohi dugu. Richard Gere esaterako, ez zen entsaiatzera azaldu, baina Ullmannek ez zuen inolako arazorik jarri. Gainera, galetan palkoan lekuak gordetzen zizkioten arren, bera publiko artean esertzen zen. Oso andere hurbila izan da”.