Azken urteetan sona eta arrakasta handia lortu badute ere, urte batzuk lehenago hasi ziren proba hauetan Unai Ugartemendia eta Klaudio Rezola. “Lehenik errepidean hasi nintzen eta gero igaro nintzen mendira, gehienak bezala. Errepideko hiru bat maratoi eginak nituen mendi lasterketetan hasterako”, azaldu du Ugartemendiak. Rezola berriz, orain urte asko hasi zen mundu honetan, eta harrigarria badirudi ere, Zemaga-Aizkorri baino proba luzeagoak egiten ditu egun. “Hasieran maratoiak egiten nituen baina horiek esplosiboagoak dira eta nahiago ditut distantzia luzeagoak egin”, aipatu du 37 urteko andoaindarrak.
Alpeetako ultramaratoia
Klaudio Rezolak aurten Alpeetan egin du urteko lasterketa nagusia, ultramaratoia. “163 kilometroko lasterketa egin dut. Chaymonisen, Frantzian hasi eta Italia eta Suitzako Alpeetan sartuz egiten da. Mont Blanc-eko tourra bezala ezaguna den ibilbidea da baina dena segidan eginda. 29 ordutan amaitu nuen. Janari guneetan ohiko mendi maratoietan baino gehiago geratzen zara, baina bestela, dena jarraian egiten da”. Parte hartu bakarrik ez, amaitu ere ondo amaitu zuen Rezolak. “Gustura gelditu nintzen nola amaitu nuen ikusita. Hanka azpietan mina izan nuen baina oro har, ondo amaitu nuen. Tartean sufritzea egokitu zitzaidan, hori bai. Nire lagunak lasterka hobeto egin arren, okerrago amaitu zuen”. Izan ere, hain proba luzeen biharamonak oso gogorrak izan ohi dira. “Errekuperazioa gogorragoa da beste probetan baino. Ni, egia esan, izugarri ondo errekuperatu nintzen baina kontuan hartu behar da jende gehienak bi gau eman zituela korrika. Ni larunbat gauean iritsi nintzen arren, gehiengoa igande goiz edo eguerdian iritsi zen”. Ugartemendia ez da momentuz horrelako proba bat egiteko gai ikusten. Ernioko lasterketa eta Zegama-Aizkorri proba egin ditu aurten ere. “Mendiari dagokionez, bi proba horiek egin ditut. Gustura gelditu naiz, ondo amaitu dudalako. Eskerrak eman nahi dizkiet maratoia prestatzen lagundu digutenei eta bereziki Iker Beloki eta Aitor Elizagarateri”.
Arrakasta izugarria
Ez dago zalantzarik mendi lasterketek sekulako arrakasta dutela. Alpeetako proban, bi mila lagunetik gora izan ziren lasterka. “Bi mila lagunetik gora irten ginen, eta hori, gehiagok ezin dutelako. Izena emateko egunean, goizeko zortziretan ireki zuten parte hartzeko epea eta arratsaldeko bostetarako itxita zegoen”. Abuztu amaieran jokatu zen Alpeetako ultramaratoia. Gure artean ordea, arrakasta gehien duen lasterketa igaro berri den Zegama-Aizkorri proba da. Rezolaren ustez, “Zegama-Aizkorrik sekulako sona hartu du hasieratik munduko txapelketan sartu zutelako, onenak hurbiltzen hasi ziren eta jendeak hori ikusi zuen. Gainera maiatzeko lehen data horrek bat egiten zuen Sancti Spirituko festekin, han erromeria izaten da eta horrek ere lagundu zion ezagun egite horri”. Ugartemendiak antolaketa ona nabarmendu du. “Zegamak 1200 biztanle inguru ditu eta 250 lagun Zegama-Aizkorri proba antolatzen aritzen dira. Oso antolaketa ona da. Kanpotik datozenek eta epaileek ere esaten dute hori. Azpimarratzeko da herritarren %25a lasterketan inplikatzea, horrek esan nahi du zer garrantzia ematen dioten”. Arrakasta horrek ordea, behar bezala prestatu ez den hainbatek izena ematea dakarrela uste du Rezolak. “Badira mendi martxa batera bezala etortzen diren koadrilak, nire lagun bat ere atera izan da era horretara. Sona hartu du eta horrek horrelako gauzak dakartza. Pena da batzuk modu horretan parte hartzea, eta bitartean beste asko entrenatzen aritu da deituko zieten esperantzan eta azkenean ez dute parte hartzerik izan”.
Prestaketaren garrantzia
Bi lasterkariek garbi dute proba hauetarako ondo prestatu behar dela. Prestatuz gero, kirol gogorra ez dela uste dute. “Errepideko maratoi bat gogorragoa izan daiteke,” nabarmendu du Ugartemendiak. Hori bai, Rezolak azpimarratu duenez, “prestatu beti prestatu behar duzu. Esaten dutenean mendi maratoi batean sekulako denbora egin duela eta prestatu gabe, hori gezurra da! Prestaketa beti behar da. Nik ere, Alpeetarako ez nituen entrenamnedu asko egin baina, bai gogorrak. 20 orduko entrenamenduak egiten genituen, gauez ibiltzen ere ohitzeko. Ezin da entrenatu gabe lasterketa hauetan aurrean ibili”. Bi andoaindarrak euren kabuz prestatzen dira. “Fondoa asfaltoan hartzen da errepide zein mendi lasterketetarako. Gero, egia da proba hauetarako mendian ere ibili behar duzula. Mendian ibiltzeko ohitura duenak errepidean hobeak diren askoren aurretik bukatu ohi du”.
Mendi lasterketetan aurrean ibiltzeko, hainbat ezaugarri garrantzitsuak dira. Ugartemendiaren ustez, “indarra behar da eta erresistentzia. Egia da jende asko abiadura galtzen duenean igarotzen dela mendira. Juan Mari Garin esaterako, horrela igaro zen. Nik berarekin entrenatu dut eta hori aipatzen zidan, abiadura galdu ostean eta erresistentzia bazuela ikusita, mendi lasterketetara pasa zela”. Ezaugarri horiengatik agian, gazte-gazteak baino hobe ibili ohi dira korrilakari helduak. “Alpeetako proban lehen hirurak beteranoak ziren. Erresistentzia handia behar da eta burua ere oso garrantzitsua da. Uste dut hor behar dela beterania. Nik esaterako, momentu txar bat igaro nuen baina, aurrera segi nuen eta gero oso ondo amaitu nuen. Gazte batek ordea, baliteke uztea. Psikologikoki ere indartsu egon behar duzu”.
Etorkizunerako asmoak
Proba hauetan gozatzen dutelako hartzen dute parte Rezola eta Ugartemendiak. Etorkizunerako ere asmo ugari dute. “Buruan dudan lasterketa ez da mendian, errepidean baizik. New Yorkeko maratoia egin nahiko nuke”, aipatu du gazteenak. Rezolak berriz, proba ugari du buruan. “Lasterketa erakargarri ugari dago. Madagaskarren bada proba bat oso gogorra, 200 kilometro ingurukoa, baina ez dakit. Zein aukera dauden ikusi behar da eta erabakiko dugu”. Ziur berriz ere laster ikusiko ditugula aldapak lasterka igotzen. Andoaindar hauek dioten bezala, lasterketen bidez gorputza forman eduki, gozatu eta bidaiatu ere egin daiteke.