Zertan da elizaren egungo egoera?
Mikel: Apaiz gutxi dago eta fededunak ere gutxiago. Elizak duen eredua pikutara joaten ari da eta aldaketaren beharra dauka, giroa ezberdina delako. Bestalde modernitateak, erlatibismoaren izenean, erantzukizunik ez hartzeko joera ekarri du. Ideia edo mito gehienak gastatu egin dira eta beste era batera planteatu behar dira. Egoera ekonomikoa bera ere asko txartu da. Pobrezia handitzen doa eta baldintza ekonomikoak ez dira hobetu. Bizi-gogoa eta elkarren arteko begirunea ere gutxitzen ari dira. Egoera horretan gizakiaren alde ezer egitea edo Jainkoaren sinesmenagatik konpromisoa hartzea zaila egiten da. Aldi berean, elizak berak erakunde bezala ematen dituen aukerak eta eskaintzak ez dira oso atsegingarriak. Hori ere erantzukizunak ez hartzeko aitzakia ederra da.
Zein aldaketa beharko lituzke?
M: Gezurra badirudi ere, anakronismoaz hitz egin daiteke. Protestanteak egoera ekonomiko-politikoaren aurrean protesta egin zutelako hartu zuten izen hori eta sortu zirenean, orduko katolikoei Papistak esaten zieten; hau da, Aita Santuaren aldeko. Katoliko edo Aita Santuaren aldeko izatea ez da gauza bera. Gaur, eliza katoliko beraren oinarria eta antolaketa zalantzan dago. Hori Batikano II.enetik hona islatzen joan da. Juan Pablo II.aren garaian, politika mailan ere, Thatcher, Reagan edo Bush aita oso ohikoak ziren. Egoera berak ere joera kontserbadoreagoa izaten laguntzen zuen. Hori aprobetxatu da eliza katolikoak berak bere katolikotasuna ez lantzeaz gain, katolikotasunaren ezaugarria zabaltzea ukatzeko, bai elizaren barruan edo elizbarrutien nortasunean. Bestalde, izenez ez baina izatez, taliban fundamentalista joerako hainbat bada tartean: Rouco… Horiek aurkezten duten eliza XIX. mendekoaren parekoa da. Ez dute elizak modernitatearekin, gizartearekin eta munduarekin izan beharko lukeen harremana aitortzen.
Zertan gauzatuko zenituzkete aldaketa horiek?
Xabier: Fedea transmititzeko ospakizunetan, adibidez. Egun erritual batzuk jarraitzen dira eta kito; baina fedea, norberak egunero bizitzen duen esperientzia da. Esperientzia hori elkarbanatzea botatzen dut faltan nik. Esaterako, denak ilaran jarri gabe, borobilean, mahai baten inguruan. Baina hori aldatzea oso zaila da, adineko pertsonek garai bateko eskema baitute buruan.
Zergatik uste duzue ez dela jende gazte askorik gerturatzen elizara?
M.: Arazoa nahiko estrukturala da, bai eliza barruan eta baita erakunde mailan ere. Azken batean, eliza gizarteko beste erakunde bat da. Gazteak ez du parte hartzen, gaztea delako eta protestante kutsua eduki behar duelako. Eliza inguruan ez ezik, politika, kirol edo kultur munduan ere gazte gutxi dago sartuta. Badirudi gazteek elizan ez parte hartzea gizarte osoaren arazoa dela baina, bizi dugun egoera ekonomiko eta ideologikoan gazteak bere etorkizuna lantzeko babesik gabe geratzen dira. Gizarte eta eliza mailan, krisi garaian bizi gara. Baina itxaropena beharrezkoa da. Kanpotik eta barrutik berritu behar dira erakundeak.
Jendea erakartzeko neurririk hartu beharko al luke elizak?
X.: Naturala izan beharko luke horrek. Elizan sardinak edo sagardo kupela jarriko ez nituzkeela esaten dut beti. Usainak erakarri egiten baitu jendea eta sagardoak egarria asetu. Berezko zerbait izan behar du, barruak esaten digulako, eta ez, norberaren probetxurako. Apaizak gutxitzen ari dira eta kristau elkartean parte hartzen duten laikoek egin beharko dute lan hori. Prestakuntza horretan lanean ari da eliza.
M.: Apaizak gutxi edo asko izan, ez lehen bezala baina, elizak bere martxa jarraituko du aurrerantzean ere.
Zertan aldatu da atzoko eta gaurko apaizaren papera?
X.: Adineko jendeari oraindik begia jotzen dio apaiza gauez kalean ikusteak edo ezkontza batean dantzan. Fokoak garela esaten dut: apaiza non, fokoa han. Gazte jendeak beste era batera erantzuten du. Nik uste dut apaizak jendearen artean egon behar duela. Garai batean etxe aldetik jotzen zuten gehiago, otoitzean. Orain, kanpora atera gara: jendearekin hitz egitera, jendearekin egotera…
M.: Askotan zaila izaten da jendearekin harremanetan jartzea, ez baita beti horretarako girorik sortzen. Elizan gizartean dagoen jendarteko etsipena edo ezinegona islatzen da. Baina ez elizan bakarrik, baita politika mailan ere.
Xabier Iturriotz
Alegiarra. 30 urte
2004ko ekainean diakonatu nintzen eta abenduan apaiztu. Berehala eman zidaten Adunako ardura, baina bitartean Villabonan ibili nintzen laguntzaile. Esperientzia ona izan da. Batetik, Villabona: dena zegoen herri handia eta bestetik, Aduna: baserri giroko herri txikia. Bi urte eta erdi igaro ditut Adunan eta tarte horretan, Villabonako parrokoarekin bizitu izan naiz. Laguntza handia eskaini dit. Herri txikietara noa berriro. Berastegi, Berrobi, Elduaien eta Elduako ardura hartu dut. Dagoeneko sartu naiz han eta jendea lan egiteko ilusioz dagoela ikusi dut. Beharraren arabera etortzen dira horrelako aldaketak. Bi urtetan Donostiatik Berastegira bueltaka ibili dira bikarioak. Bertan bizi eta bertako jendearekin egongo zen apaiz gaztea behar zuten, kotxea zuena. Irailaren 25ean eman nituen sarrera mezak.
Gustura egon naiz Adunan. Ikuspegi ezberdinak izan arren, bateratu egiten baitira herritarrak. Lana eta ekintzak egiteko gogoa sumatu dut Adunan. Ondo moldatu naiz haiekin eta gustura hartu ditut haien ekarpenak. Aduna, aurreneko esperientzia positiboa izango da niretzat beti.
Mikel Egizabal
Lasartearra. 50 urte
Duela hogeita bi urte apaiztu nintzen eta horietatik hamaika urte igaro ditut Amasan. Lehenago ere ibilia nintzen parroki txikietan eta ondo moldatu naiz hemen. Gainera ikasketak egiteko aprobetxatu dut. Esperientzia berria datorkit orain. Añorga Txikiko ardura hartuko dut batetik eta, Donostiako residentzian eta seminarioan ere egongo naiz.
Seminarioan egoteak ikasten jarraitzeko aukera eskainiko dit. Jaso dudan eskaintza ere mundu berria da niretzat: gaixoak, medikuntza… Ilusioz nago. Mundua nahiko itxia da berez, eta beste ikuspegi bat hartzeko aukera izango dut. Orain arte herri txiki edo handiagoetan bizi izan naiz, Donostiako Bera-Berara noa orain. Herri txikietan egoteak jendearenganako harremana zuzenagoa izatea ekartzen du. Ondorioz, batzuekin besteekin baino hobeto konpontzen zara. Jendea eta giroa hobeto ezagutzeko aukera ematen du gertutasunak, onerako eta txarrerako.
Villabonatarrei ez zaie asko gustatuko baina, Amasa, Villabonak duen nortasunik handiena da. Horixe da niretzat Amasa: nortasun handiko herria.