Nola hasi zen Anjel Alkain interpretazio munduan?
Nik beti esaten dut txiripaz hasi nintzela. Inoiz ez dut erreflexio handirik egin izan nire bizimoduaren inguruan, horrela sortu zen. Hernaniko institutuan ari nintzela, antzerki ikastaro bat egin nuen Fernando Bernues eta Garbi Losadarekin. Ikastaro hura egin genuenok zorte handia izan genuen ilusio handia transmititu zigutelako. Hasieratik hasi ginen lanean eta ederki dakigu zer den emanaldia bukatu, furgoneta bete eta goizeko lauretan leher eginda etxeratzea. Eskola ederra hartu genuen han. Hortik aurrera, denetik eginez ikasi nuen. Antzerki eskola batean ibili nintzen hiru urtez, haurrentzako antzerki talde batean ere aritu nintzen, bikoizketak egiten…, denetik egitea tokatu zait eta horrela ikasten joan naiz. Azkenean, antzerki taldea sortu genuen lagun koadrila batek, puntu batzuk argi izanda: norengana iritsi nahi genuen, zer esan nahi genuen eta nola.
Telebistarena, azken pausoa izan da. Sorginen Laratzak aukera polita eman zidan horretarako; zuzeneko programa zen eta pertsonaia ugari egiteko aukera ematen zuen. Ni ganberro samarra naiz eta programak horretarako aukera ematen zidan. Beti esan izan dut lanean barrerik egiten ez baduzu, hobe dela uztea. Teoria hori bera erabili dugu Wazemanken: guri gustatzen bazaigu eta barrea eragiten badigu, jendeari ere gustatuko zaio.
Kutsidazu bidea, Ixabel antzezlanak zer suposatu zuen zure ibilbidean?
Bide bat ireki zuen. Jendea ezagutzeko modua izan zen; Ainere Tolosa bezalako aktoreak, esaterako. Horrek, gainera, segida bat izan du. Talde bat sortu zen eta lanerako ardatz batzuk eman zituen. Gauzak gehiegi pentsatu gabe esango dituzten aktoreak gustatzen zaizkit gure saioetan lan egiteko eta, ez da erraza hori lortzea.
Wazemank telebista saioak arrakasta handia izan du. Zein da arrakastaren gakoa?
Euskaraz ere ganberroarena egin daitekeela ikusi du jendeak. Gainera, koadrila jatorra osatu dugu, gertuko gaiak jorratzen ditugu eta gure buruaz barre egin arazten diogu ikusleari. Mundu guztiak du bere buruaz barre egiteko beharra eta euskaldunok gehiago. Gaiak perspektiba ezberdinetik ikusten saiatu gara. Bestalde, guretzat oso garrantzitsua da hizkuntza erregistroa, gertuko hizkuntza erabitzea. Koadrila bat jartzen baduzu, bere hitz egiteko modua ez den modu batean hitz egiten, naturaltasuna galtzen du, gauzak nola esan behar dituen pentsatzen ari delako. Aktorea Ondarrukoa edo Villabonakoa bada, bere herrian esango lukeen bezala esan dezala. Zuzentasuna zaindu egin behar da, baina neurri batean, pasa gabe. Euskaraz, erregistro arazo bat dagoela iruditzen zait. Zenbait programatan, informatiboetan esaterako, gehiago zaindu behar da, baina fikzioan ez dut behar hori ikusten.
Bestalde, niretzat ezinbestekoa da egin behar duguna errespetuz egitea. Guk pertsonekin barre egin nahi dugu, ez haietaz. Ez da beti erraza izaten neurria bilatzea, baina saiatzen gara. Umore positiboa egin nahi dugu. Gauzak kritika daitezke, ridikulizatuz, baina haserrerik gabe. Haserrea nabaritzen bada, umorea galdu egin daiteke.
Zein izan da Wazemanken garrantzia Anjel Alkainentzat?
Niretzat erronka handia izan da, proiektu propioa izan delako. Gainera, talde polita osatu dugu, estilo horretan sinesten duena, beste estiloak errespetatuz. Lantaldean aktore onak izatea garrantzitsua da, baina askoz ere garrantzitsuagoa da pertsona onak izatea. Arazoak eman beharrean, irtenbideak emango dituen jendea. Talde honekin hori lortu dugu. Bestalde, arriskatu egin genuen, izan ere, Wazemankeko gidoilari taldea inoiz telebistan aritu gabea zen. Horrek freskura eman dio saioari. Guk gazteentzako programa bat egin nahi genuen eta beti haiek izan ditugu buruan. Egia da haurrengana ere iritsi garela. Beharbada, kolore bat aukeratu izanagatik, koreografiagatik, ordutegiagatik…, eta behin umeak engantxatuta, gurasoek ere saioa ikusi dute.
Azaroan saio berria hasiko duzue, nolakoa izango da?
Noaoa! izena izango du eta Wazemanken ildo beretik joango da. Pertsonaia ezberdinak izango dira, baina aurpegi berdinak. Wazemanken zikloa guk bukatu genuen, gauzak bere garaian bukatu behar direla uste dugulako, ilusio berri bat behar genuen eta Noaoa! formato berriarekin dator. Lehen bezala, sketchak egongo dira, baina ez da hori bakarrik izango. Gainera, gai berriak jorratuko ditugu. Asteburura begira, esaterako, agenda moduko bat osatu nahi dugu, betiere umore tonua mantenduz. Benetako ekitaldien berri emango dugu eta asmatutakoak ere izango dira. Orain ari gara saioari forma ematen. Azaroaren 2an ikusi ahal izango da Noaoa! lehen aldiz. Orain arte dakigunez, ostiraletan, 21:30ak inguruan izango da.
Asteasun bizi zara, herritarren kritikarik jasotzen al duzu?
Asteasun, Ixabelen eta Maddalenen aita naiz, jendeak horrela ezagutzen nau eta ez dut iritzirik jasotzen nire lanaren inguruan. Bestela, kritika txarrik ez dut inon izan. Euskaltzaindiako bazkari batean izan nintzen behin, eta zoriondu egin ninduten. Jendea barre egiteko desiatzen dago eta hori nabaritu egiten da.
Drama bat egiten ikusten al duzu zure burua?
Zergatik ez? Momentu honetan nire burua umoreari lotuta ikusten dut baina, egin izan ditut dramak ere. Lanean ondo pasatzea gustatzen zait eta drama batekin zailagoa iruditzen zait hori lortzea. Hala ere, zergatik ez? Beharbada egunen batean egokituko da.
Antzerkia, zinema, telebista…, zerbait falta al zaizu egiteko?
Ez dakit. Egun telebistan ari naiz eta gustura. Telebista medio bezala, gauza askotan ez zait gustatzen baina, orain egiten ari naizena gustatzen zait. Egun batean apaiza naiz, hurrengoan beste pertsonaia bat… Mozorrotzeko modu bat da eta ondo pasatzen dut. Antzerkia ere oso polita da. Plan onak egiteko modua ematen du: herri batera joan, antzeztu, bertan afaldu… Zinea ere probatu dut, baina ez daukat pazientziarik horretarako. Ondo pasa nuen jende jatorrarekin aritu ginelako baina, ez dago niretzat egina. Antzerkian zure erritmoan aritzen zara eta horrek erraztasuna ematen du.