Ondorengo mezua zabaldu du Villabonako Udalak bando bidez.
Kale Nagusia. Sarbideak eta oinezkoentzakotasuna
Bizilagun hori :
Kale Nagusia urbanizatzeko obrak amaitu direlarik, zamalanetarako ordutegia eta bizilagunak kalera sartzeko ordutegiak arautzeko garaia iritsi zaigu. Egin diren obrak kale Nagusia eta haren ingurua oinezkoentzako jartzeko helburuarekin egin direlarik, bertatik ibilgailuak ibiltzea ahalik eta gehien mugatzea komenigarri jotzen da, bereziki oinezko gehien dagoen ordutan.
Horiek horrela, zamalanetarako ordutegia goizetara mugatuko da, horrela geldituz : jai egunak ez diren astelehen, asteazken, ostegun eta ostiraletan, 8:00etatik 13:00etara. Asteartetan eta asteartea jai eguna izanik asteroko azoka astelehenetan ospatzen diren astelehenetan, 06:15etan irekiko da kalea, eta 9:00etan itxiko da. Azoka egunetan berriro ere 12:45etan irekiko da. Beti ere, kalerako sarbidea La Salvadora paper-fabrika zegoen inguruko eraikinen ondotik egin beharko dela ulertzen da, hau da, kalearen hego aldetik.
Zamalanetarako ordutegia oso mugatua denez, kalea itxita dagoen ordutegitik kanpo bizilagunek beren etxetara sartzeko benetako beharra dutenean, udaltzaingora jo ahal izango dute kalea ireki diezaien eskatzeko. Kasu horiek hauexek izango lirateke: asteroko erosketa edo butanoa etxera eraman, adineko edo ezindutako pertsonen joan-etorriak, fardel handiak, mudantzak... Era berean, kalera sartu behar duten merkatariei, edo karga-bolumenagatik horrela eskatzen duten garraiolariei, kalea itxita dagoenean sartzen utzi ahal izango zaie, beti ere udaltzaingoaren ordutegiaren barne izan beharko duelarik, hau da, egunero goizeko 06:00etatik 22:00ak bitartean.
Azkenik, honek sor ditzakeen trabak ulertuko dituzuelakoan, eta aldez aurretik zuen ulerkortasuna eta kolaborazioa eskertuz, jakinarazpen honek sor dezakeen edozein zalantza udaltzaingoan argitu ahal izango dela adierazten da.