Florentino Ugalderen azken batzarraldia

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2007ko urr. 3a, 20:14

Florentino Ugalde Urnietako alkate ohi eta egun zinegotzia zenak kargua utziko duela iragarri zuen pasa den irailaren 26ko ohiko udalbatza saioan. Bestalde, Vegasan babes ofizialeko hamar etxebizitza berri erosteko aurrerapausoa eman du Urnietako Udalak.

Anbulategia eta Musika Eskola izan ziren udal ordezkariek ahotan hartu zituzten beste gai batzuk.
Mahai gainean utzitako gaiei berriro heldu eta kide bat agurtzeko unea izan zen pasa den irailaren 26koa, Urnietako udalbatza saioan. Aurreko legegintzaldia amaitu arte alkate izan den, eta une honetan oposizioan zinegotzi gisa zegoen Florentino Ugaldek bere eserlekua uztera zihoala iragarri zuen. Ugaldek berak lanbide berri bati ekingo diola aipatzeaz gain, hamasei urteren ostean, besteei bidea irekita uzteko garaia dela adierazi zuen. Denei eskerrak eman zizkien.
Beste udal ordezkari batzuen aldetik, ez zen agur hitzik falta izan. PSE-tik Herme Gonzalezek hamabi urte udaletxe berean lan egin ostean, haien aurrez aurrekoak pertsonalak ez, politikoak baino ez zirela izan zioen. Egungo alkate Mikel Izagirrek, diferentziak eta enfrentamenduak izan zituztela gogora ekarri zuen. Alde horretatik, zurikeriatan ez zuela aritu nahi esan zion. Edozein kasutan, inoiz Ugalderen laguntza behar izanez gero, alkate ohia hor egotea nahiko lukeela aipatu zuen.
Hitz horiek entzun ostean, esker hitzak izan zituen ordezkari jeltzaleak. Eta zalantzarik ez egiteko, egun batetik bestera ez zela inon ezkutatuko. Azken agurra, Maribel Vaquero alderdikidearen eskutik etorri zen. Bereziki norberari kudeatzea egokitzen zaionean, herrigintza oso zaila dela aitortu eta beti ez zuela asmatuko adierazita, bere eta alderdiaren izenean erakutsitako borondate ona eskertu nahi izan zion.
Udal idazkariak jakinarazi zuenez, dagoeneko tramitazio lanak hasi dira, Ugaldek hutsik utzitako eserlekurako ordezkoa aurkitzeko. Horretarako, hauteskunde zerrendan egungo ordezkari jeltzaleen atzetik datozenetako bati egokituko litzaioke bertan egotea. Baiezko erantzuna ematen duenak dagokion kredentziala jaso eta hurrengo udalbatza batean zinegotzi kargua hartuko luke.

ETXEBIZITZA HITZARMENA
Zenbait zehaztasun falta tarteko, uztaileko pleno saioan mahai gainean utzitako etxebizitzen gaiari heldu zioten berriz ere. Babes ofizialekoak izatera bideratuko liratekeen hamar etxebizitza erosteko Udalari baimena eman edo ez, hori zen eztabaidagaia. Hori Eusko Jaurlaritzaren eta Udalaren artean sinatu beharreko hitzarmen baten bidez gauzatuko litzateke. Aho batez onartu zen.

LURDES IRIONDO MUSIKA ESKOLA
Kultur arloko gaiek ere tartea izan zuten, Musika Eskola hain zuzen. UDA-ko ordezkari Mertxe Zapiainek gogorarazi zuenez, pasa den ekaina amaieran eskola hartako kontseilugoa osatu zenean, guneari izen bat jartzea proposatu zen; Lurdes Iriondo. Urnietarra Musika Eskolako sorrera urteetan eragile nabarmenetako bat izan baitzen eta musikagintzari erabat lotua egon baita. Proposamena aho batez onartu zen.

ANBULATORIOKO GORABEHERAK
Osakidetzaren aldetik, etenda daude negozioazioak. Hala jakinarazi zuen alkate Mikel Izagirrek, PSE-EE alderdiak egindako eskakizunen aurrean. Beste erizain baten beharra dagoela aipatu izan da lehen ere. Hor dago aspalditik Anbulatorioa Etxeberri plazara pasatzeko asmoa ere. Izagirrek aipatu zuenez, Osakidetzak Gipuzkoako anbulatorioak bi zonaldetan zatitzen ditu. Une honetan hiru osasun zentro berri eraikitzen ari dira eta horiek amaitutakoan, Urnietakoa eraikitzeari ekingo liokete.
PSE-tik eta ANV-tik zerbait egin beharra azpimarratzen zuten. Sozialistek beharrak benetakoak zirela eta horiek osasun langileak eguneroko bizitzan jasaten ari direla azpimarratu zuten. ANV-tik Iñaki Mendizabalek negoziazioak anbulategiko langileekin bideratu behar zirela adierazi zuen. Legedia herritarren zerbitzura dagoela, eta ez alderantziz gogorarazi zuen.
Ildo horretan bideratu nahi du gaia UDA-k ere. Hurrengo negozioazio fase berri baterako, beste herri batzuetako udal eta anbulatorioko langileekin bat eginda joatea planteatu zuten. Orduan, proposamen sorta berean eskatuko lituzkete egun anbulatorioak bete gabe dituen behar guztiak; langileariari edota eraikin berriari dagozkionak.

KONTU OROKORRAK
Horrekin batera, 2006ko Kontu Orokorrak onartu ziren, UDA, PSE-EE eta EAJ-ren aldeko bozkekin eta EAE-ANV-ren abstentzioarekin.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!