Nola barneratu du taldeak ACB mailatik LEBerako jaitsiera?
Miguel Campos: Modu naturalean asimilatu dugu, ez frakaso gisa. Logikoki, pasa den denboraldi hasieran gure ilusioa mantentzea zen, play offetan sartzeko borrokatzen genuen. Hura utopia bat zen nire partetik, gertatutakoa ikusita. Talde berri bat ginen eta logikoki orain dakiguna baino gutxiago genekien.
Guretzat garrantzitsuena proiektua da eta proiektuak indartsu aurrera jarraitzen du, aurrera bidean.
Jaitsiera beti gazia izaten da. Baina zuen kasuan, zaletuek gozatu al dute?
M.C.: Noski. Pasa den ligako azken partida, guretzat gauza sinesgaitza izan zen. Gu jada mailaz jaitsiak ginen eta Illunben 8.500 pertsona txaloka eta animatzen ikusita, hunkitu nintzen. Babes sozial hori izatea oso garrantzitsua da.
Denboraldiak aurrera egin ahala eta taldea irabazten badoa, jende gehiago etorriko da. Hori da garrantzitsuena niretzat, mailaz jaistean horrelako masa sozial garrantzitsua hor izaten jarraitzea.
Esperientzia horretatik zer da ikasi duzuena?
M.C.: Maila partikularrean, iaz ACB-n aritzeko nahikoa lehiakorra zen taldea osatu genuen, baina azkenean lehiak norbere lekuan jartzen du lanak ondo egiten ez badira. Aurrekontu justua genuen, ACB-ko kanona ordaindu ostean, maila osoko aurrekontu baxuena. Kirolaren alorrean egindako hutsegite horietatik ikasi dugu.
Maila berri horretan taldearen egitura egokituko duzue?
M.C.: Mailaz igotzeko taldea osatu dugu. Miguel Santosek dio talde honek beti play off postuetan egon behar duela, igoera postuetan. Lehiaren formatua aldatuta, talde indartsuak osatu dira. Mailaz igo
ginenean, nork esango zuen genuen taldearekin igoko ginela.
Talde oso ona osatu da, adituen esanetan, maila honetan lehiatzeko hiru edo lau onenen artean gaude.
Zer aurreikuspen dituzue Ilunben, bertaratuko diren ikus-entzuleen inguruan?
M.C.: Iaz 8.600 abonatu izan genituen. Guk babes osoa dugula uste dugu, mailaz jaitsi ostean, oraindik 6.000 abonatu izanda. Nire ilusioa, 7.000ra iristea da. Hemendik abendura kopuru horretara iritsiko garela uste dut. Arlo sozialean, aurten GKE-kin lan egingo dugu. Laguntza eske datozenei, proposamenak aztertu eta laguntzeko moduan bagara, oso gustura egingo dugu. Iaz baino gehiago landuko dugu alderdi hau.
Pisu handia du Gipuzkoa mailako zalegoak?
M.C.: Iaz zortzi ordezkaritza sortu ziren Gipuzkoa mailan. Aurten horiek mantenduko ditugu; zonalde bakoitzetik irtengo diren autobusak. Zonalde bakoitzean abonatu kopurua zenbatekoa den jakiteko azterketa egingo da. Ordezkaritza hauetako udal guztiak bisitatuko ditugu eta ia elkarlanerako akordioak lortzen ditugun.
Allurralden Bruesa ikusteko modurik izango al da?
M.C.: Iazko denboraldian, ezin izan zen jokatu, kantxa oso arriskutsua baita gure jokalarien lesioetarako. Iaz taldea bertara ekartzeaz hitz egin zen, gaztetxoek haiekin egon zitezen. Baina egoera ez zen hoberena, kirol aldetik gauzak oso ondo ez doazenean horrelako gauzak alde batean geratzen dira. Aurten berriz helduko diogu gaiari. Ni andoaindarra naizen aldetik, ahal dudan guztia egingo dut taldea hona etor dadin.
Denboraldi honetan ligako lehen postuetan amaitzen ez baduzue, frakasotzat joko zenukete?
M.C.: Liga erregularreko lehen postuan egoteko diseinatu da talde osaera. Une oro ligako play off-etan egon behar dugu. Hori lortzen ez bada, erabateko frakasoa izango da.
Reala bigarren mailan. Nola ikusten duzu taldea?
M.C.: Reala beti errespetatuko dut, nire taldea baita. Egokitzen ari dela dirudi. Beste gauza bat da, Administrazio Kontseilu horretan dauden pertsonek duten funtzioa. Nire ustez, ez dute behin ere asmatu. Jendea ezin da engainatu. Lehen, bizpahiru atzerritar eta gainerakoak harrobiko jokalariak ziren. Iaz, harrobiak ez zuela ezertarako balio esan zuten. Orain, harrobi onena dugula eta horrekin jokatu behar dutela dirudi. Kirol alorrean, ideiak argi izan behar dira eta zerbaitean sinisten baduzu, horren alde borrokatu behar da.