Kadete neskak finalerdietan lehiaketatik kanpo geratu ziren, Palentziakoen aurka 23– 30 galdu ondoren. Andoaindarrek, partidan zehar nagusi izan arren, azken 15 minututan galdu zuten finala jokatzeko aukera. Aurkarien jokalari aniztasunean egon zen partidaren gakoa.
Kadeteak hirugarren
Hirugarren posturako partidan, berriz, beren maila azaldu zuten kantabriarren aurrean eta erraztasunez eraman zuten brontzezko saria etxera. Andoaingoen alde, 23-15 izan zen markagailuak partidaren akaberan adierazi zuena. Lortutakoa gutxi balitz, Nagore Arizagak txapelketako jokalari onenaren saria jaso zuen.
Jubenilak irabazle
Bestalde, Leizarango jubenilek bi partidak irabazi zituzten, urteari hasiera oparoa emanez; lehen partidan, palentziarren aurka 16-11 irabazi zuten, joko garbia erakutsiz. Bigarren partida ere modu berdinean joan zen, maila ona emanez eta aurkariari aukerarik eman gabe. Partida emaitza ezin hobearekin amaitu zen, kopa nagusia etxera ekarriz. Jubenil mailan Oihana Arrutik jaso zuen jokalari onenaren saria.
Beraz, zorionak bi taldeei eta zorte on hurrengo astean hasiko den Ligan.
Seniorrak Tolosan
Senior mailako mutilak ere aurredenboraldian partida ezberdinak jokatzen ari dira. Pasa den igande goizean Tolosan jokatu zuten bertakoen eta Legazpiko Hegialde Auto taldearen aurka. Andoaindarrak aritu ziren bi partidatan irabazle izan ziren, Tolosaren aurka 10–12 eta legazpiarren aurka 8–12 irabaziz. Beraz, seniorrak ere txapeldun izan dira asteburuan jokatutako adiskidazko txapelketan. Partida bakoitzak ordu erdiko iraupena izan zuen eta Leizaranek, aurre denboraldia, izateko ohikoa ez den joko polita agertu zuen. Aurten bigarren mailan jokatuko dute liga, denboraldi polita egiteko helburuarekin. Urriaren 21ean hasiko dira lehian. Haiek baino lehen Leizarango lau taldek asteburu honetan ekingo diote txapelketari. Zorte on!