Batzarraldiaren amaieran, galde erreguen tartean, berriro eutsi zioten gaiari. PPko Canok zur eta lur egin zuen Udaletxerako sarrera. Andoaingo eta Euskal Herriko ikurriñaren arrastorik ez, Espainiako banderarik ere ez zen inon somatzen. Horrekin nahikoa ez eta alderdi popularrak aurkeztutako mozioa aztergaien zerrendatik kendu zuen Perez Gabarain alkateak.
Ordezkari politikoen arteko ika-mika ezberdinak sortu ziren irailaren hogeita zazpiko Udalaren Osoko ohiko batzarraldian.
Aurreko agintaldian bezala, jeltzaleek Udal Gobernuko kideen jokabideak eta moduak kritikatu ohi dituzte. Andoaingo Udaltzainak herria ordezkatuz mendiko bizikleta lasterketa batera diruz lagunduta joan zirelako galdera egin zuen EAJk. Eztabaidaren tonua igotzen hasi zen eta azkenean ika-mika gogorra sortu zen Egibarren eta Perez Gabarainen artean, gaiarekin zerikusirik ez duten hainbat kontu aipatuz amaitu zutelarik.
ESPAINIAKO BANDERA
Alkateari argibide eske, zorrotz eutsi zion Canok gaiari. Galdera bat baino gehiago egin zituen, “Bi bandera ofizial kendu dituzu udaletxetik, zergatik? Espainiakoa jartzeko asmorik ba al duzu?”. Galderak egiteko garaian ondotxo zekien Andoaingo Udal idazkariak egindako txostenak ondorio bezala agertzen zuena: legearen aurka ezer gutxi egin daitekeela. Alkateak Espainiakoa ipini behar duen tesia defendatzen ari da PP. Espainiako oihala jartzen ez badu alkate gisa duen erantzunkizunaz galde egin zion Canok Perez Gabaraini.
ALKATEAREN ERANTZUNA
Andoaingo alkateak Canori erantzuteko hitza hartu zuen. Zalantzarik ez izateko erantzun zion, Alkateak legea beteko duelako. Legea betetzearen aldekoa izan baitira betidanik alkatea eta ordezkatzen duen alderdia bera.
Hori adierazi eta berehala estatu mailako komunikabideen aurka hitz gogorrak izan zituen Andoaingo alkateak, “Kaka jaurtitzen ari dira Andoain herriaren eta alkatearen kontura. Eta Andoaingo alkateak ikur ofizialen legea beteko du”.
Alkatearen argudioek ez zituen PPko bozeramalearen zalantzak argitu eta legea nola beteko zuen zehazteko eskatu zion. Gabarainek zera erantzun zion: “Gerta daiteke aurrerantzean Espainiako Gobernuaren Ordezkariak lege hori betearazteko eskatzea baina niri orain arte ez dit inork legea hautsi dudanik esan”.
PSE-EEko Amutxastegik PPk betearazi nahi duen legea 1981 urtekoa dela gogora ekarri zuen. Urte horietan guztietan sentsibilitate politiko gehienak gobernuan izan dira, popularrak tarteko. Aurreko lau urteetan agintean izan zirenean popularrak ez zirela legearekin eta gaiarekin akordatu gogora ekarri zion Canori.
Canok sozialistek esan gabe utzi zutena berehala ulertu zuen. Alegia, alkateak ez duela berehalakoan Espainiako bandera jartzeko asmorik. Orduan, popularren bozeramalea iragarle lanetan aritu zen, “Erantzunak ikusita, badirudi, Alkatea zitazio judizial baten zain dagoela legea betearazteko. Eta ez nuke inondik inora horrelakorik nahi”.
Iñaki Egibarrek ontzat hartu zuen alkatearen jokabidea eta PPk krispazioa besterik ez dakarrela adierazi zuen. Canok haserrea agertu zuen jeltzaleen adierazpenarekin eta ika-mika gogorrean sartu ziren bi udal ordezkariak.
EZTABAIDAGAI GEHIAGO
Sozialistek Gobernu Batzordearen idazkari lanpostua lan egun erditik osora igarotzea nahi dute. Gobernu taldeak dituen behar guztiak ikusita beharrezkoa zaiela adierazi zuen Amutxastegik. Bakoitzak bere argudioak erabiliz, EA eta EAJ alderdiek desadostasuna agertu zuten. Funtsean, batzuk zein besteek, argudio falta nabarmena ikusten dute sozialisten proposamenean.
Kreditu aldaketaren proposamena mahai gainean jarri zuen udal gobernu taldeak, konpondu berri duten telebistarako antenaren harira. Jeltzaleek sozialisten kudeaketa eta aurreikuspen falta salatu zuten, hirigintza eta zerbitzuen ataletan partidak murriztu egin direla aurpegiratuz. Horregatik, atal honetan ere, sozialistek EAko eta EAJko aurkako botoa jaso zuten.