Herriko lanak aurrera

Etxebizitzak, pasealekua, pilotalekua, eserlekuak... Eraikuntza eta aldaketa ugari dator Amasa-Villabonan.

Fleming-go babes ofizialeko etxebizitzak aurrera doaz eta baita inguruko berrikuntza guztiak ere. Joan zen azaroan egin zen Flemingo etxeen zozketa.

Salvadorako gunean eraikiko diren berrogeita hamar babeseko etxebizitzen zozketa eguna oraindik zehazteke dago. Maixabel Arrieta alkateak adierazi duenez, "kalifikazio probisionalaren zain gaude. Baimen hori jaso ondoren, zozketa modua erabaki beharko da. Laster izango dela pentsatzen dut". Babes ofizialeko 50 etxe eta 29 tasatu izango dira guztira Salvadorako gune horretan.

Etxebizitzez gain, pilotalekua eraikitzeko lanak oso aurrera doaz. Epe laburrera erabiltzeko moduan izango da. Behar Zana elkarteko kideen ustez pilotaleku berriak pilotari nahiz ikusle gehiago erakarriko du. "Villabonako arazoa, azken hogeita hamar urte hauetan pilotaleku estalirik ez eduki izana". Horrek neguan bereziki, baldintzatu egin du pilotaren egoera.

Kale Nagususiko lanak ia bukatuta daude. Kalea oinezkoena da, nahiz eta ordutegi edo egoera zehatzetan autoek igarotzeko aukera izango duten. Kale Nagusiko sarreran, elizaren parean eserleku berriak jarri dituzte.

Argazki gehiago, gune honetako "Argazkiak" sailean.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!