Mugikortasun astearen balorazio ona egin dute antolatzaileek

Bide hezkuntzari buruzko antzerkietan 600 ikasle inguru izan da. Bigarren eskuko materialen azoka ere arrakastatsua izan da.

Ernioaldea Udaltalde 21ak eta Tolosako Udalak Mugikortasun Astearen balorazio positiboa egin dute. Asko izan dira antolatutako ekintzak eta  orokorrean, arrakastatsuak izan dira. Aurtengo protagonistak, zalantzarik gabe, ikastetxeetan eskaini diren bide hezkuntzari buruzko antzerkiak eta Villabonan egin zen Mugikortasunarekin loturiko bigarren eskuko materialen azoka izan dira. Lehenengoan Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako 600 ikasle izan dira Isabel Agirresarobe eta Alex Tello aktoreek antzeztutako saioa ikusten. Bigarrenean berriz, 44 pertsonak utzitako 180 produktu desberdin bildu ziren Tolosa, Aduna, Asteasu, Anoeta, Irura, Villabona eta Zizurkilgo udaletxeetan aldez aurretik antolatu ziren bilketa puntuetan. Aipatzekoa da, Tolosaldetik kanpoko jendea ere gerturatu zela azokarako materiala uztera eta Tolosako Begiristain eta Ibarrako Arsuaga txirrindulari dendek ere estokean zuten materiala salmentan jarri zutela. Guztira 14 bizikleta, 8 kasko, bizikletako 2 zapatila pare, 8 arropa, monopatin bat, 4 patin pare, 2 babesteko material eta bestelako 3 produktu ere saldu ziren. Azokara gerturatu zen jendea, ekimenarekin oso gustura azaldu zen. Bizikleta txekeoetan ere jende ugari bildu da herri gehienetan.

 

Antolatzaileen ustez, parte hartzerik eskasena larunbateko Erniopeko Txirrindulari Biran izan zen, izan ere, eguraldia ez zen aproposena izan txirrinduan ibiltzeko.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!