Zein da zure hasierako balorazioa?
Udalbiltza auzia ez da modu isolatuan ulertu behar den zerbait, Estatuak (gobernuan PSOE edo PP egon) Euskal Herria eta euskal herritarron aurkako ohikoa duen jokabidea bezala baizik; jazarpen eta asimilazio saiakera bat gehiago gisa, alegia.
Beste afera batzuen antzera (Jarrai-Haika-Segi, Egunkaria, 18/98...), helburu bakarra dago, Euskal Herria aitortu nahi ez izatea.
Akusazioen aurrean, zer esan?
Ez dutela inolako oinarri juridikorik. Interpretazio hutsak dira, errealitatearekin zerikusirik ez dutenak. Beste behin, “dena ETA da” ildoan kokatzen dira.
Euskal herritarrok, dagozkigun eskubide zibil eta politikoak urratuak ditugu eta urraketa honetan dago akusazioen funtsa.
Herri baten izana eta biziraupena ezin uler daiteke eskubideen onarpen eta bermerik gabe eta Udalbiltza asmo honekin sortu eta eratu zen; Udalbiltzaren hautetsi eta kide ginenok eskubideen aitortza eta bermea genuen gure eguneroko lana eta aldarrikapena. Duela 4 urte Estatuak atxiloketa eta espetxeratzeekin erantzun zuen; gaur eta oraingoz, neurriz kanpoko, eskandaluzko espetxe zigor eskaerekin.
Zein bide jarrai dezake prozesuak? Zer adierazi dizue abokatuek?
Fiskalak espetxe zigor eskaerak egin ondotik hurrengo pausua epaiketa data finkatzea da. Epaiketa Auzitegi Nazionalean egingo da, salbuespeneko epaitegi batean, non epaileek agindu oso zehatzak eta zeregin oso jakinak dituzten gu epaitzeko garaian. Beraz, batere bermerik gabeko epaiketa izango da.
Eta zuek, zeuen artean, auzi politikoa dela diozue
Inolako zalantzarik ez dugu eta epaia bera ere, politikoa izango da. Testuinguru politikoari erreparatu baino ez dago honetaz jabetzeko. PSOE eta ETAren arteko elkarrizketa prozesuaren haustura, hauteskunde orokorrak 2008ko martxoan... Sekulako oldarraldia dator PSOE eta estatu aparatuen aldetik: epaiketak, kartzelaratzeak, atxiloketak...
PSOEk “jakia” behar du hauteskundeei begira eta jakina da Euskal Herriaren aurkako eraso eta bortizkeriak emaitza onak ematen dituela. Eginkizun honetan, gainera, orain arte bezala, partidu horren (lehen PPrena izan zen) eta Estatuaren bidelagun zintzo, laguntzaile itsu izango da PNV; manifestazioak debekatu, herritarrak jipoitu, atxilo hartu eta Espainiako epaitegi-epaileen eskutan utzi...
Horrelakoetan nork sufritzen du gehien: auzipetuak berak ala familiak?
Denok. Zentzurik ez duen heinean, halako berri bat barneratzea ez da samurra inorentzat. Sosegua aurkitzea ez da erraza. Gerora heltzen da familiarentzat egoerarik ankerrena: dispertsioa, asteburu oroko ehunka kilometroetako bidaiak espetxeetara 40 minutuko bisita batentzat, une oroko arriskua errepideetan, istripuak, odoluste ekonomikoa... Eta auzipetu izatetik preso izatera pasa direnentzat, osasun, hezkuntza, komunikazio... eskubideen urraketa etengabea. Ahoa bete eskubide dabiltzan guztiek zer diote honetaz guztiaz?
Sanmielen atarian zein mezu helarazi nahiko zenioke herritarrari?
Batik bat jaiak goza ditzala baina gozatzearekin bat, jaietan ez ezik egunerokoan ere herri eta herritar gisa dagozkigun eskubide guztien aldeko aldarri, defentsa eta ekimen irmoa egin dezatela.