Pintxo lehiaketarekin pozik agertu dira parte hartzaileak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2007ko ira. 28a, 11:49

Ohikoa baino bezero kopuru handiagoa nabaritu dute denek

Bete-betean asmatu dute Salkin merkatari elkarteko gidariek, I. Pintxo Lehiaketa bolo-bolo ibili baita andoaindarren artean. Parte hartu duten tabernetako arduradun guztiek, gainera, ohikoa baino kontsumo handiagoa izan dutela aitortu dute. Arrakastaren hitza aipatzea bidezkoa da, beraz.
Salkineko eragileek denbora daramate merkatartiza herrian bertan sustatzeko ideiak lantzen. Andoain auzo herria izatean, merkataritza indartsua izateko zailtasunak ditu. Hori gutxi balitz, hiriburua edota eremu handiko merkatalgune handiak bertatik bertara daude. Asmatu dutelako zoriondu beharra dago Salkin merkatari elkartea.
Pintxo lehiaketak iraun duen egunetan bezeroek bateko eta besteko pintxoa dastatu eta bozkatzeko parte hartu dute, asteazkenean eta baita ostegunean ez ohikoa zen pintxo kopurua kontsumituz. Bistan da albiste pozgarria dela hori.
Ekimenaren onespena ikusita, etorkizunerako oinarri sendoak ipini beharko lirateke. Andoaingo tabernarien esku dago, hein handi batean, pintxo lehiaketen etorkizuna. Herritarrek gogoko dutela erakutsi dute. Beraz, ez legoke gaizki, 2008ko lehiaketan dozenara iristea parte hartzaileen kopurua.

Lehiakideak, pozarren
Herritarrek txartelak eskuratuz eta pintxoak janez ondo baino hobeto erantzun diote ekimen berriari. Eta zein da parte hartzaileen balorazioa? Hauxe lehen edizioan parte hartu duten bost lehiakideen iritziak. Etxeberrieta Berri jatetxekoak lehiaketara aurkeztu duten Arrautza pobre erara pintxoaren inguruko iritzia herritarren esku utzi du, “eskainitako jakiaren kalitatea eta prezioa nahiko onargarria dela esango nuke. Jendeak errepikatu egin du, gustukoa izan duen seinale da hori”. Jatetxeko arduradunari entzunda, Salkinekoek bete-betean asmatu dutela esan daiteke, “ekimena oso-oso ona dela esango nuke, herritarrak parte hartzera bultzatzeko baliagarri izan delako. Lehiaketari esker, astean zehar ohikoa ez den kontsumoa izan da. Zalantzarik ez izan berriro parte hartuko dugula, eskaini dugun pintxoa hobetuz gainera”.

Olloki tabernakoen arabera ondo joan da ekimena, “hemen ibili den bezeroa hango eta hemengo pintxoak dastatzen aritu zen, ekimena ezagun eta gogokoa zuten adierazgarri. Guk egindakoa gustura hartu dute gure bezeroek eta ekimena oro har ondo egon dela esan behar dugu. Guk pintxo dexente atera ditugu hemen”.

Txitibar jatetxeko arduraduna pozik dago, “jendea ibili da eta esperientzia polita izan da, gustura gaude bai. Jendeak ekimena ezagutzeaz gain, probatzeko gogoa erakusten zuen. Berezoek parte hartu dute, asteburuan eta astean zehar ere bai”. Lehiaketan errepikatzeko prest agertu da Txitibarreko arduraduna.

Danena tabernako arduradunek etsipenez hartzen dute tabernarien parte hartze eskasa, “pena da, lotsagarria ere esango nuke nik. Gutxieneko kopurua hamar tabernakoa izan behar luke. Ea datorren urterako gehiago garen. Zeren eta guk bederen mugimendu gehiago nabaritu dugu, jendeak parte hartu du”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!