Zein da langileen egoera bi hilabete geroago?
Momentu honetan langileen artean egoera desberdinak daude,batzuk lanean hasita daude beste enpresa batzuetan, besteak lan bila, besteak bere kontratuak eten zain beste lantegi batzuetan lan bila hasteko, besteak kontratua amaitu zain langabeziara joateko, baina denak alta emanda daude Galgo Paper enpresan juezak edo epaileak beren kontratuak amaitutzat ematea erabakitzen duen arte.
Maiatzetik, gainera, kobratu gabe zaudete?
Bai bai,egoera oso zailean daude langileak, zeren 4 hilabetetik gora daramatza jendeak sosik kobratu gabe, eta seguruenik beste bi hilabete pasa beharko dira kobratzen hasteko.
Zer diote ugazabek edota zuen gainean daudenek?
Enpresa likidazio fasean sartu zenetik, ugazabek ez dute aurpegirik eman. Gainera, enpresa insolbente deklaratu da. Nahiz eta enpresaren kontuetan dirua egon badagoen, kontu hauek blokeatuta daude epailearen agindupean eta bien bitartean langileak lau hilabete kobratu gabe. Legeak hala agintzen omen duelako.
Honelako prozesu batean sartutakoan, legalki oso egoera konplexua sortzen da, baina kaltetuenak eta defentsarik gabe geratzen direnak langileak dira, dudarik gabe.
Eta sindikatuetako ordezkariek, zer diote?
Sindikatuek garbi daukate egoera honen errudun ugazaba dela, zeren etekin handiak ateratakoan enpresak ez ditu egin beharreko inbertsioak egin, edo hartu beharreko neurriak hartu, eta orain enpresa itxi egin behar. Garbi dagoena da langileek bere partea zintzo bete dutela urtetan zehar lana fin eginez behar den bezala, baina ugazabek bere erantzukizuna eta ardura ez dute era berean bete.
Sindikatuen aldetik garbi dago langileen aldeko borrokan jarraituko dutela ahalik eta baldintza hoberenak lortu asmoz.
Beraz, langileen egoera larria da, ezta?
Langileak burumakur eta etsita gaude, zeren une latzak pasatzen ari gara. Langile batzuk “plurienpleatu” bezala maileguei eta hileroko gastuei aurre egiteko beste enpresa batzuetan lanean hasi dira, beste batzuk aurreztutako dirutik ari dira hilabeteak pasatzen, edo familiak emandako laguntzei esker aurrera darraite.
Batzuek bizitza osoa daramate bertan lanean, eta gogorra da horrenbeste urte lanean jardun ondoren enpresa itxi behar izatea.
Gainera 50 urte inguruko langile dezente geratu da lanik gabe, eta hauek zailtasun handiagoak izaten dituzte lana aurkitzeko, ogibide honetan ez bada behintzat.
Egoerak beraz okerrera egin du. Berehala egoera konponduko al den esperantzik ba al duzue?
Ba egia esan zor dizkiguten soldatak, orduak, oporrak eta indemnizazioak kobratzeko oraindik denbora dexente pasako da, eta gainera zor dizkiguten guztiak ez dugu jasoko enpresa zorretan itota dagoelako, eta legeen arabera kasu hauetan tokatzen zaiguna bakarrik ordainduko digute. Dena den espero dugu hemendik bi hilabete baino lehen diru sarrerak izaten hastea, bestela gutako batzuk eskean hasi beharko dugu.
Dena den, epailearen esku dago prozesu judiziala azkartzea.
Zeintzuk izan dira udan burutu dituzuen ekimenak? Eta hurrengo asteetan zer?
Jendearen lehendabiziko premia diru sarrerak izatea izan da, eta horretarako langile batzuek lana aurkitu behar izan dute beste tokietan, beraz edozein ekintza egiteko ez gaude denak.
Instituzioen aldetik abuztua opor garaia denez ez dugu ekintzarik burutu.
Bestalde honelako egoera konplexuetan ez da erraza jakiten edo asmatzen zer nolako ekintzak egin, eta nori zuzenduak.
Fabrika berriro martxan jartzea zail dago... geratzen zaizuen bakarra irtenbide duina lortzea da, ezta?
Ez dago ezer baztertua momentu honetan, naiz eta fabrika berriro martxan jartzea oso gauza zaila izango den.
Dena den aukerarik sortuko balitz ikusi egin behar zer nolakoa, zeren eta papergintzaren bueltan lanean jarraitzeko sektorearen egoera ere ez da samurrena.
Enpresak jarraitzeko aukerarik ez badauka, hainbeste urte eta urte enpresaren alde lanean jardun dugun langileok ahalik eta irtenbide hoberenean joan nahi genuke.
Lanik gabe zaudeten langileon pazientziak non dauka epemuga?
Bakoitzak bere egoeraren arabera eta bere beharren arabera izaten du pazientziaren muga, eta honelako egoeratan pazientzia ez da sobera izaten den gauza, nabari izaten delarik bileratan edo elkartzen garenean.
Urduritasuna, nekea, negargurea, ezin egona, ezin emana, kezka, flustrazioa, haserrea, inpotentzia... dira lanik ezak dakartzan sentimendu nagusiak, eta pazientziarentzat toki gutxi geratzen da.
PAPER BEREZIETAN LEHIAKORRA
Leitzaran paper fabrikak Tolosako Galgorekin bat egin zuen orain bi urte. Elkarkidetza baliatuz, burua altxa ezinik dabilen paperaren sektorean lehiakor izatea helburu zuten. Eta hein handi batean, kosta ala kosta, lortzen ari ziren. Nazioartetik paper berezia ekoizteko eskaintzak jasotzen ari zirenean iritsi zen etena iragartzen zuen zorigaiztoko albistea. Askorentzat bizkarrean jasotako ziztadaren modukoa izan da. Eta okerrena zera da, paper fabrikako langileak ez dituela merkatuaren legeak kale gorrian utzi, iraganeko kudeaketa kaskarra baizik.
Leizaran paper fabrikaren iraganeko zorrak ito ditu langileen itxaropen apurrak. Lan egiteko aukera egon badagoela ikusita, mingarria da ekoizpena etetea. Tolosako Galgo fabrika utzi eta hona etorri zirenak, bereziki, kaltetuta sentitzen dira. Fusioa izan baino lehen, soldata ordaintzen zien fabrikak zorrik ez zuelako. Haiekin maltzurki jokatu duten zapore gaziarekin bizi dira
hilabete hauetan. Ekoizpenari berrekitea dagoeneko ezinezkoa da.