Euskal Herrian Barrena ekimena bukatzear

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2007ko ira. 25a, 15:53

Irailaren 22 eta 23an Nafarroako hego-ekialdean ibili dira Euskal Herrian Barrena ekimeneko kideak. Eskualdeko hamabost lagunek hartu dute parte irteeran eta oso gustura ibili direla azaldu dute.

Leire, Xabier, Zangotza eta Uxue ezagutu zituzten larunbatean. Igandean, berriz, Erriberri eta Bardeak. Larunbat gaua Beireko aterpetxean igaro zuten. Asteburuan giro ona nagusitu zen bai eguraldiari dagokionez, baita lagun taldean sortu zen giiroari begira ere.

Urriaren bukaeran izango da hurrengo eta azken txangoa. Lapurdi ezagutzeko aukera izango da orduan. Josu Zumeta ekimeneko arduradunak parte hartzeko deia luzatzen die zalantzan dabiltzan guztiei. 50 eurotan asteburu polita igarotzeko aukera ziurtatuta dagoela dio. Ekimenaren balorazioa aurrerago egingo badute ere, ahulgune nagusia parte hartzaileen kopuruan ikusten du Zumetak. "Ahalegin ezberdinak egin arren, ez dugu hamabost lagun baino gehiago animatzea lortzen. Eta dudarik gabe, ekimenak merezi du". Aurrerantzean ekimen honekin lotutako beste egitasmo batzuk ere jarriko dira abian: monografikoak...

Informazio gehiagorako: 943 696 450 (Josu) edo txangoak@topagunea.com
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!