Ohikoa den bezala, Iñaki Eguren eta Juxto Egaña (Urnietako soinua eta ereserkia) izan ziren zuzendariak, eta aurkezpenaz, berriz, Luix Mari Zaldua arduratu zen.
Urnietako eta inguruko herrietako txistulariak ez ziren bakarrik aritu, eskenatokian izan baitziren Ainhoa Ansa eta Fermin Zinkunegi abesten, Andreg Styrczula bibolinarekin, Xabier Ubillos gitarrarekin, Izaro Egaña teklatuarekin, Ane Eskisabel eskusoinuarekin eta Egape ikastolako dantzariak.
Ekitaldia Gipuzkoako Himnoa eta Ezpata dantzarekin hasi ondoren, Iparragirreren hiru kantu laburrekin jarraipena eman zitzaion. Ondoren, berriro, dantzariak taularatu ziren lau dantza herrikoi eskaintzeko, agurra, belauntxingoa, zinta dantza eta txakolin.
Gipuzkoako herri ezberdinetako (Deba, Hondarribia, Donostia…) doinuekin egindako poupurri baten ondoren, Ibarra herriari eskainitako bazinen bazara herri abesti ederrarekin jarraitu zuen ekitaldiak. Ondoren etorri zen, Pedro Mari Otañoren Donostiako ziutatea ez zen aurrekoa baino eskasago izan.
Gauak berezitasun-enbat behar eta hau, fandango eta arin arina interpretatzerakoan etorri zen. Antton Jauregik aho soinuaz markatutako erritmoa, Jabier Bergarak txistuka lagundu zuenean hain zuzen ere. Amaia Jauregik panderoarekin hirukotea osatu zuen. Une berezia izan zen, eta horretan lagundu zuen publikoaren artetik Bittorik bota zituen irrintziak.
Azkenik, Urnietako soinua, eta ikusleak abesten jarri zituen Urnietako ereserkia interpretatuaz eman zitzaion amaiera aurtengo Sanmielen atariko kontzertuari. Jendea pozik atera zen Saroben entzun eta ikusitakoarekin, baina kexuak nabarmenak izan ziren sarrerak banatzeko modu deserosoagatik.