Hautsi Izagirrek eta Joxi Alonsok, kultur ekintzak herrian sustatu nahian, Udalak egin duen apustua azpimarratu dute goizeko prentsaurrekoan. Azken urte hauetan haurrentzat soilik ireki da zinema. Aurrerantzean, ordea, helduei ere irekitzea erabaki dute. Hautsik Udalarentzat apustu handia dela nabarmendu du, "Kultur batzordetik zinema eta kultur ekintzak indartzeko apustua egin dugu. Diru asko eskatzen du horrek baina, herritarrei kultur egitarau aberatsagoa eskaintzea garrantzitsua dela uste dugu. Lehen ere hamaika saiakera egin da zinema zabalik mantentzeko baina, galerak ekarri izan ditu. Gastuak jasangaitzak ez diren bitartean, Udala gastu horiei aurre egiteko prest dago". Joxi Alonsok berriz, filma berriak ekarriko dituztela azaldu du, "Areto S.L. enpresarekin egin dugu akordioa eta horrek, pelikula berriak eskaintzeko aukera emango digu. Jendearen erantzuna behar dugu, jendeak egiten baitu zinema ona edo txarra. Gurea zinema erosoa da, kalitate oneko irudi nahiz audioa eskaintzen dituena. Gainera, beste zinemetan baino merkeagoa da sarrera". Asteburuetan 4.5 euro eta astelehenetan 3 euro (ikuslearen eguna). Azaldu dutenez, Aiztondo bailarako zinema izatea lortu nahi dute.
Zinemaz gain, beste kultur ekintzak ere indartu nahi dituzte: antzerkia, erakusketak, kantaldiak, hitzaldiak... Urritik aurrera antolatu dituzten ekintza guztien berri gune honetako agenda atalean aurkituko duzue. Amasako Kultur Etxean nahiz Gurea antzokian antolatu dituzte ekitaldi guztiak. Hiru hilabeteko froga egingo dute ikus-entzuleen erantzuna ikusteko eta etxe guztietara kultur ekintzen berri ematen duen argitalpena banatuko dute hilabetero.
Urriaren 12ko Aiurri aldizkarian gaurko prentsaurrekoan esandakoaren berri zehatzagoa izango duzue eta antolatzaileek esandakoaz gain, hainbat herritarren iritzia ezagutzeko aukera ere eskainiko da.