Iñistor jaia, estrainekoz

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2007ko ira. 21a, 14:52

Joxeba Lizeaga, Iñistorrako gainerako kideekin batera irailaren 30ean Sanmieletan izango den festa prestatzen dabil.

Bertsolariek alaitutako herri bazkaria, toka eta mus txapelketak… eta giro euskaltzale ederra. Eskainiko dutenari buruzko xehetasunak ondorengo elkarrizketan.

Iñistorraren iraileko ekintzak, aurten, Sanmieletan?
Joxeba Lizeaga:
Aurten, lehen aldiz parte hartuko dugu Urnietako jaietan. Iaz ere antolatu genituen ekintza ezberdinak, helduentzat eta haurrentzat festetatik kanpora. Baina herri giroa bultzatu nahi dugu, eta euskal giroa sartu festatan. Guretzat oso garrantzitsua da jaia kalean izatea eta euskal giroa, herri giroa kalera eramatea. Horretarako aukeratu dugu San Juan plaza, leku egoki bezala.

Prestatu duzuen jaiak osagai ezberdinak izango ditu?
J.L.:
Gure artean, Iñistorran zer antola genezakeen eztabaidatu dugu. Kontuan hartu behar da jende gutxi garela, eta horrek egin dezakeguna baldintzatzen du. Noraino iritsi gaitezkeen badakigu eta zerbait herrikoia egiten saiatu gara; herri bazkaria bertsolariekin eta jendea jaiaren partaide sentitzea nahi dugunez, toka eta mus txapelketak antolatu ditugu.

Ikasturte berria, erronka berrien garaia Iñistorran ere?
J.L:
Sanmieletako bi asteburuetan mahai bat jarriko dugu San Juan plazan, apaizetxearen aurrean harpidedun berriak egiteko edota gure produktuak saltzeko. Bestalde, kultur ekintzak antolatzen jarraituko dugu; hurrengoa, urria amaieran. Larramendi Bazkunak 15 urte beteko dituenez, hori ospatzeko, kontzertu bat antolatu nahi dugu Saroben. Urte bukaera aldera, bazkide berriak lortzeko kanpainan parte hartuko dugu, ea gure elkartea sendotzen dugun. Eta beti bezala, Aiurri astekaria bultzatzen jarraituko dugu, harpidedun berriak egiteko lana eginez, Udalaren aldetik, gure proiektuarekiko konpromiso handiagoa lortzen saiatuz...

Euskaltzaletasuna Urnietan. Zertan da?
J.L.:
Kale erabilerari buruz Urnietan egin diren ikerketek erakutsi digute, kalean bostetik batek hitz egiten duela euskaraz. Askotan kalean ibiltzen garenean, oraindik gutxiago dela dirudi. Garbi dagoena da, herriaren erdiak euskaraz ez dakiela. Horri buelta ematea, epe laburrean behintzat, ezinezkoa izango da. Baina dakitenei euskaraz egitera bultzarazten saiatu beharko genuke. Horretarako, Aiurri bezalako baliabideak behar beharrezkoak dira. Herriko gertuko albisteak euskaraz irakurtzera ohitzeko oso ondo datorren bitartekoa da.

Azken hitza, herritarrei.
J.L:
Arratsalde eder bat pasatzeko aukera ematen diegu herritarrei. Urnietar guztiak gonbidatuko nituzke gure jaian parte hartzera. Bazkari onarekin batera, esperientzia handiko bertsolari gazteak egongo dira, txapelketak irabazitakoak gehienak eta joko handia emango dutenak zalantzarik gabe, gai jartzailea zein izango den kontuan izanda. Mus eta toka txapelketak irekiak izango dira. Euskaraz ez dakitenei inbidia pixka bat emango diegu, euskaraz zer ondo pasatzen dugun ikusita.

IÑISTOR JAIA GITARAUA
  • 14:00 Herri bazkaria bertsolariekin. Bertsolariak; Iñigo Manzisidor “Mantxi”, Alaia Martin, Uxue Alberdi eta Agin Rezola. Gai jartzailea: Amaia Agirre.
  • 17:00 I. Mikeldeuna mus txapelketa azkarra eta I. Iñistorra toka txapelketa.
  • Oharra: Txartelak salgai irailaren 26ra arte, Aiurriko egoitzan, Kantoi tabernan, Lekaion eta Urnieta fruta dendan. Helduek 25 eurotan; haurrek 15.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!