Alaba ikastolan, giro euskaltzalean heztea. Hori zen Sabina Arruarteren nahia, baina urnietarrak ez zuen hori lortzeko bide samurra izan. Pixkanaka, ordea, lehen urratsak ematen hasi zen. Hernanin Maripi Sarasola irakaslearen berri izan zuen, gerora, Egapeko lehen irakaslea izango zena. Biek Lazkaon zen Hiazinto Fernandorenarengana jo zuten. “Apustu bat zen. Legez kanpo zegoenaren aurka joan beharra zegoen”, oroitzen du Sabinak.
Ez zuen buruhauste gutxi izan, ez berak ezta berarekin batera haien asmoak errealitate bilakatu nahi zituztenek. Beldurra zen nagusi. Ikastolen mugimendua legez kanpo izanda eta orduko testuinguru politiko eta soziala kontuan hartuta, guraso batek baino gehiagok pentsatu behar izaten zuen seme-alabekin zer egin, ikastera nora eraman. “Ausartu egin behar zen”, dio Arruartek. Orduko oztopo eta egoera zailei aurre eginez, bat baino gehiago izan zen seme-alabak garai hartako Sarobeko lokaletara eraman zituenak. Hura izan baitzen, ikastolako lehen gunea.
SAROBE, EGAPEKO EGOITZA
Udalean eta garai hartan elizan bertan izandako kargu aldaketek, onerako edo txarrerako, eragina izan zuten. “Parrokoz aldatu zutenean, hark erraztasunak eman zizkigun. Baina oztopoak ere bai”, oroitzen du Arruartek. Hainbat bilera izan zituzten salesiarretako arduradunekin, alkatearekin. “Ikastolarik ez zegoela jartzerik esan ziguten”, adierazi du. “Sarobeko lokala utzita, lehenbizi egin zutena, Francoren erretratu handia jartzea izan zen”, gaineratu du.
Maripi Sarasola irakaslearekin hogei ikasleko taldea bildu zuten. “Lurrean manta batzuk jarri eta hogei ume txiki han, euskaraz hitz egiten”. Hala, lehen urnietar taldea, euskarazko irakasgaiak jasotzen hasi zen.
OZTOPOZ OZTOPO, AURRE EGINEZ
Lehen pausoak eman bai, baina diru-iturririk ez eta horren beharrean ziren. Ez ziren besoak gurutzatuta geratu. Herri mailan hara eta hona ibili zen beste herritar batzuekin batera, Sabina bera. “Etxez etxe diru bila, 10 pezeta eskatzen aritu ginen. Estimatzekoa da, batzuek oso ondo erantzun zuten”, adierazi du urnietarrak. Horrez gain, tonbolak eta antzerki emanaldiak ere antolatu zituzten. Lagun izan zituen Maria Arizmendi, Antselmo Unanue eta Xabier Larraetxea.
Oso atseginak ez ziren bisitaldiei ere nola edo ahala aurre egin behar izaten zieten. Ikuskariek ez baitzuten ezer barkatzen. Edozein kasutan, garaiz jakin eta egoerari konponbidea bilatzen zioten. “Hernanira etortzen zirenean, segituan Urnietara deitzen zuten. Andereñoak ume guztiak hartu eta mendira joaten ziren. Ikuskariak etortzen zirenerako inor ez zen izaten”, gogoratzen du Arruartek.
Ez du berehalakoan ahaztuko 1966.urtea. Orduko hartan legalizatu baitziren ikastolak. Eta herrikoa Gipuzkoa mailan aitzindarietakoa izan zen, Legorreta edota Donostiakoekin batera. “Lasaitasun ederra hartu genuen”, adierazi du Sabinak.
Egape, babesa izenarekin bataiatu zuten ikastola. Elvira Zipitriak, ikastolen mugimenduan zeresan handia duen emakumea arduratu omen zen hortaz. Pozik ikusten du orain, ikastolek egun bizi duten unea; orduan egindako lanari esker egoera normaldu baita.
TXIKITATIK, EUSKARAN
Sabinari txikitatik zetorkion euskararekiko sentsibilizazioa. Sei anai arrebako kidea, bederatzi urterekin hasi zen lanean; asto txiki batekin esnea banatzen. Mendi zalea, Adarramendi oso gustuko lekua zuen. Eskolan halakorik ikasi ezin, eta Gurutziara, bere etxera joan eta aita haiena zen ama-hizkuntza, euskara, irakasteaz arduratzen zen. Aitaren artikuluak gerra aurretik, Argia aldizkarian argitaratzen ziren, baserritarren kroniken atalean. “Gure aita karrerako jendearekin ibiltzen zen. Txikitatik euskaraz irakurtzen eta idazten irakasten zigun. Koadernoetan lekzioak jartzen zizkigun”.
OMENALDIA, SANMIEL EGUNEZ
Sabinaren nahia bete zen. Alaba ikastolan hezi zuen. Orain, garai hartan egindako lanaz zoriondu eta ondo merezitako eskerrak jasotzeko garaia iritsi zaio. Arruartek eta berak bezala beste hainbaten izerdi eta lan neketsuari esker milaka ikasleek eredu euskaltzale batean ikasteko aukera baitute. Sabinak eskerrak eman nahi dizkie, bere nahia betetzen lagundu zutenei eta tartean, bere hitzetan, “gurasoei, urte haietan emandako konfidantzagatik. Meritu handia zuten”.
Sanmiel egunean jasoko du merezitako omenaldia.